GERRAKO UMEAK

Gutxienez, Soraluzeko 104 ume erbesteratu zituzten, gerrarengandik babesteko

Ubane Madera Zangitu 2023ko abu. 24a, 11:12

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitara eman du Gerra Zibilean erbestera bidali edo eraman zituzten umeen zerrenda eguneratua. 10.445 gipuzkoar daude erregistratuta, horien artetik, 104 ume soraluzetarrak izan ziren. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak jardun du bi urtean umeok identifikatzen, herririk herri, tartean baita Soraluzen ere.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerrendan, gerran erbestera babes bila joan edo bidali zituzten umeen izen-abizenekin eta joan zireneko herrialdearen izenarekin batera, bakoitzari buruz berreskuratu ahal izan dituzten datuekin osatutako fitxa dago irakurgai. Lan hori egiteko, herriz herri ibili ziren Intxorta 1937 Kultura Elkarteko boluntarioak, baita Soraluzen ere, 2022an. 

Soraluzeren kasuan, gaur gaurkoz, 104 ume daude identifikatuta; horietatik 50 dira emakumeak eta 54 gizonezkoak. Gehienak Frantziara eta Belgikara eraman zituzten, itsasontziz, baina asko izan ziren SESB-ra (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera) eraman zituztenak ere.

Izen eta testigantza batzuk

Izen batzuk aipatzearren, gerrako ume izan ziren aurten hil den Lucia Etxabe,haren testigantza HEMEN klikatuta irakurgai;

Lide Laskurain;

Ana del Bosque Arin;

Resu eta Benita Gallastegi;

edo Inazio Agirregoikoa.

Soraluzetar umeen zerrenda HEMEN klikatuta kontsulta daiteke.

56 udalerri

Bi urte eta erdiko lanaren emaitza da ikusgai dagoena, Intxorta 1937 Kultura Elkarteak egindakoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Guztira, Gipuzkoako 56 udalerri identifikatu dituzte adin txikiko horien jatorri gisa, tartean Soraluze.

Ikerketa Europa osoko hainbat artxibotan egin dute, eta erbesteratuen eta haien senideen testigantzak eta datuak jaso ondoren, elkarteak 10.000 kasutik gora identifikatu ahal izan ditu.

Azterketaren lehen fasea amaitu dute, baina  izen berriak aurkituz gero, datu-basera gehituko dituzte.