Luzia Etxabe, Anita del Bosque eta Inazio Agirregoikoa soraluzetarrak hizpide izan dira azken asteotan. Gerra sasoian, ume zirela, hiru soraluzetarrak erbestera bidali zituzten, beste 4.000 ume gipuzkoarrekin batera.
"Gerrako umeak ez ziren lehen lerroan egon, baina gehien sufritu zuten biktimak" izan zirela uste du Debagoieneko Intxorta 1937 Kultura Elkarteak.
Omenaldia
Aitortza hori eman nahian, memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduen elkartea Debagoieneko gerrako umeak identifikatzeko lanean hasi zen 2019an. Haiekin batera, Gipuzkoako beste hainbat ere lokalizatu zituzten. Apirilean, omenaldia egin diete bizirik daudenei, Egiaren Iturria eskultura oparituz.
Omenduen artean dago Luzia Etxabe, Belgikan erbesteratuta egon ondoren, gaur egun Soraluzen bizi dena.
Anita del Bosque, berriz, Salamancan bizi da eta Intxorta 1937 elkarteko ordezkariak hara joan ziren eskultura entregatzera.
Bi herrikideak Jon Iñarra soraluzetarrari esker lokalizatu dituzte.
Gipuzkoa osora
Bestalde, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena sinatu berri dute, memoria historikoa berreskuratzeko lanean diharduen elkarteak gerrako umeei buruz Debarroan egin duen lanketa Gipuzkoa osoan egin dezan.
Debagoienean eskainitako omenaldiak ikusteko klikatu HEMEN.
Komunikabideetan
Bestalde, Inazio Agirregoikoa Benito soraluzetarra ere izan zen gerrako umea. Baina hura hilda dago, Errusiako Ejerzito Gorriarekin borrokan zebilela hil zen. Baina hilabeteotan berari buruzko bi erreportaje argitaratu dituzte.
Inazio Agirregoikoaren ama soraluzetarra zen, baina umea jaio zenean, Torrelavegan zegoen. Horregatik, Agirregoikoaren jaiotza ez da ez hemengo eta ezta ere inguruko erroldetan azaltzen. Horregatik, jatorri okerra eman izan diote hari buruz idatzi izan denetan. Baina 1930eko Soraluzeko erroldan jasota dago Agirregoikoa Soraluzen bizi izan zela.
Izena kale bati
Kontuak kontu, martxoan, 77 urte bete ziren Agirregoikoa hil zela. Urteurren horren bueltan kontatu dute haren bizitza Sputnik agerkari digitalean. Apirilean, berriz, Eibarko …eta kitto! aldizkarian azaldu da.
Errusian, Inazio Agirregoikoa Benito URSSeko Ejerzito Gorrian sartu zen pilotu, 1941ean, beste zazpi ume euskaldunekin batera. II. Mundu Gerran frontean borrokatu zuen soraluzetarrak, 1944an hil zen arte. Mustveen gertatu zen, Tallinen. Nazien esku zegoen ingurua eta Aireko Indar Sobietarrak bidali zituzten. Baina, Agirregoikoaren hegazkina bota egin zuten. Soraluzetarra ez zen hil, baina inguratu egin zuten eta bere burua galduta ikustean, tiro egin zion bere buruari. Mustveeko hilerrian lurperatu zuten eta bere izena jarri zioten kale bati. Bere argazkia Egiaren Iturria eskulturaren ondoan azaltzen da. Erbesteratu zutenean, Teresa Alonsoren bikote izan zen eta haren etxean, Bartzelonan, oraindik soraluzetarraren erretratua dute ipinita. Orain ondoan jarri diote Egiaren Iturria eskultura.