Belgikara, Errusiara, Kataluniara, Ingalaterrara… bidali zituzten ume horiek guztiak. Horietariko asko bertan geratu ziren bizitzen. Beste asko, berriz, bueltatu egin ziren, nahiz eta sorterrira ez itzuli. Soraluzetarrei dagokienez, justu egunotan hil da Soraluzen bizi zen azken gerrako umea, Moises Zubiaurre Bustindui. Intxorta elkarteak, berriz, Soraluzeko bi gerrako ume elkarrizketatu ditu: Rosa del Bosque Arin eta Luzia Etxabe.
Intxorta 1937 Kultura Elkarteak dioenez, 1937an erbestera bidali zituzten ume horiek ”gerran zuzenean parte hartu ez bazuten ere, gatazkaren ondorio sozial, fisiko eta afektibo mingarriak jasan zituzten". Horregatik uste dute direla “memoriaren pieza garrantzitsu”. Hori dela-eta, orain dela bi urte ekin zioten erbesteratutako haur horien gaineko memoria identifikatu eta berreskuratzeko lanari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.