Aldaketa txiki askoren testigantzak

Egueneko topaketako partaideak.

Eguenean, Euskaraldia amaitu baino egun bat lehenago, egunotan herritarrek izan dituzten bizipenak kontatzeko topaketa egin zuten antzokian. Hogeiren bat herritar batu ziren eta zenbaitek egunotan bizi izan dituzten hizkuntza aldaketa eta bizipenen berri eman zuten.  

Topaketaren aurretik jaso eta argitaratu diren zenbait bizipenen berri emanez hasi zuten egueneko saioa. Besteak beste, azaldu zituzten: Jokin eta Cristina koinatu koinaten bizipena, Fer Mercandising Ariguneko kideen testigantza, Ana Zubiaurre medikuarena, Laibi enpresako Iñaki eta Luis Yoelen artekoa… Horiez gain,  egunotan beste herritar batzuek idatziz helarazi dituzten hainbat bizipen eta kasuren berri ere eman zuten, besteak beste: Euskaltelen euskaraz arta zezaten lortzeko hainbat aldiz deitu edo insistitu behar izan duen herritarrarena (Amaia Argarate), orain arte erdaraz egin dioten hainbat bezerok egunotan lehen aldiz euskaraz egin diotelako “sorpresa onak” hartu dituen merkatariarena (Martin Azkarate), txapa eroan duten koadrilakoekin euskaraz egin duen gaztearena (Ane Gabilondo)…

Antzokian bildu zirenek ere kontatu zituzten beste hainbat bizipen. Enkarna Arrizabalagak bere poza azaldu zuen Sopelako bere errainarekin lehen aldiz telefonozko elkarrizketa osoa euskaraz egin zuelako.

Ana Sebalek Bilboko Corte Inglesean izandako esperientziaren berri eman zuen: “Bilboko Corte Inglesean negoen eta atzetik neska etorri zitzaidan erdaraz ‘¿necesitas algo?’ eta buelta eman nuenean txapa ikusi zidan eta berehala aldatu zuen euskarara ‘ezer behar baduzu, hemendik nabil’. Ana Maiztegik berretsi zuen Corte Inglesak “jarrera ona” hartu duela Euskaraldian: “nik langile denei egin izan diet euskaraz eta bakoitzak bere neurrian baina denek egin izan dute ahalegina eusklaraz erantzuteko”. Administrazioan ere igerri du aldaketa Anak: “Hezkuntza sailak baditu euskara planak baina egunotan emailetan eta bileretan igerri dut euskaraz egiteko jarrera indartsuagoa”.    

Industria arloko bizipenak

Igone Mendizabal Carmelo Mendizabal lantegiko gerenteak ere kontatu zuen berea: “laneko kontuetan joera handia dugu erdaraz egiteko eta egunotan ahalegindu gara lankideon artean euskaraz gehiago egiten. Gainera, konturatu izan gara erdaraz ari ginela eta ‘ai!’ aldatu izan dugu berriz. Ni ahalegindu naiz bezero batzuekin euskaraz egiten, ahoz eta emailez ere bai eta lehen aldiz bakarren batek idatzi dit euskaraz. Nik ez dut bere txapa ikusi eta berak ere ez nirea baina pentsatzen dut berak ere ariketa hori egiten jardungo zuela. Polita da”. Hari horri jarraituz, Veronica Galarraga Fer lantegiko kideak aipatu zuen berak zer egiten duen: “Orain bi urte telefonoa hartutakoan agurra euskaraz egiten hasi nintzen eta ordutik jakin dut zein bezerok dakien euskaraz eta eurekin euskaraz egiten dut. Aurten emaileko sinaduran ipini dut ‘nirekin euskaraz egin dezakezu’ eta orain batzuekin euskaraz egiten dut idatziz ere”. Asier Laskurain Soraluceko lankideak, bere aldetik, aipatu zuen oraintxu ordenagailua matxuratu eta programak berriz instalatu dizkiotenean, euskarazko bertsioak instalatu dizkiotela eta uste zuenaren kontra, “aldaketa ez da izan traumatikoa”. Bestalde, Oiher Aranzetak Fagorreko euskara planen esperientzien berri eman zuen eta aipatu “hizkuntza kontzientzia aktibatzeko modu ona” dela euskara batzordeetan parte hartzea.

Egoera ez hain baikorrak

Euskaraldiko bizipenez aparte, hizkuntza egoera ez hain baikorren gaineko iritziak ere mahaigaineratu ziren topaketan. Esaterako, Oiher Aranzetak salatu zuen pandemia aldian futbol taldean eta beste elkarte batzuetan administraziotik jaso dituzten protokoloak erdara hutsean jaso dituztela. Andrea Olaizolak, bere aldetik, azaldu zuen eurak lanean nagusien egoitzetako parteak erdaraz egin behar izaten dituztela, Osakidetzak hala eskatuta. Aitor Oregik, berriz, gazte nahiz gaztetxoen artean gazteleraz egiteko dagoen joeraz ohartarazi zuen. Unai Larreategik, bere aldetik, salatu zuen 12-13 urteko gaztetxoei ordenagailuak erdaraz programatzen dizkietela eta aurrera egingo bada, ezinbestekoa dela horrelako eta bestelako “gauza estrukturalak” zaintzea.

Azkenik, aurtengo Euskaraldiaren amaierako mezua elkarrekin entzun eta ariketa amaitu ostean ere hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko asmoa berretsi zuten.    

Erlazionatuak

Amaierako mezua

Euskara

Barikuan amaitu zen Euskaraldia eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurtengoa ere "ariketa sozial masiboa" izan da, izan ere, guztira, 179.780 l...