Ana Zubiaurre (Medikua):“Gutxi batzuk egiten didate euskaraz”

Egoitz Unamuno 2020ko abe. 2a, 18:11

Ana Zubiaurre medikua bere kontsultan.

Ana Zubiaurre medikua da eta egunotan Belarriprest txapa daroa paparrean. Normalean gazteleraz egiten du baina ulertzen du euskaraz eta gai da berba egiteko ere, elkarrizketa sinpleetan. Berari pertsona “gutxi batzuk” egiten diote euskaraz.

Ana Zubiaurre medikuak herriko jende asko hartzen du kontsultan eta askok ez dakiten arren, ulertzen du euskaraz eta egiteko ere gai da, “elkarrizketa sinplea izanez gero”. “Elkarrizketa sinpleetan egin dezaket euskaraz baina kontsultan gai garrantzitsuak izaten ditugu eta nik neuk nahiago izaten dut gazteleraz egitea xehetasunak behar bezala eman ahal izateko. Hori bai, ulertu dena ulertzen dut eta niri euskaraz egiten badidazu, zoragarri, eta zerbait ulertzen ez badut, galdetuko dizut”.  

Kontsultan, pertsona “gutxi batzuk” egiten diote euskaraz, “gehienek gaztelerara aldatzen dute”. Euskaraldiak aukera eman dio adierazteko euskaraz ulertzen duela eta berari euskaraz egitea nahi duela.

Euskaltegian ikasia

Ana eibartarra da eta aita euskalduna bazuen ere, amak ez zekien euskaraz eta etxean ez zuen jaso euskararik. Ama izatearekin batera, hogeita hamabi urterekin, erabaki zuen euskaltegian izena ematea eta harrezkero euskaraz ulertzeko gai da.