Iñakiren esanetan dena hasi zen Luis Yoelek Iñakiri paparreko txaparengatik galdetu zionean: ”Orain arte, gure artean dena gazteleraz egin izan dugu baina aurreko batean, Luis Yoelek txapa ikusi zidan paparrean eta galdetu zidan ea zer zen hori. Nik azaldu nion Euskaraldia euskaraz gehiago egiteko ekimena dela, eta nik ekimen horretan parte hartzen dihardudala. Nire harridurarako, mutilak interes handia azaldu zuen eta, geroztik, agurrak egunero euskaraz esaten ditu: ‘Egun on! Zer moduz? Arratsalde on!’. Niri ilusioa egin dit eta ni orain hasi naiz berari esplikatzen zela esaten diren zenbakiak, erreminten izenak... euskaraz”.
Luis Yoel ekuatoriarra
Luis Yoelek hogei urte ditu eta jatorriz ekuatoriarra da. “Duela bederatzi urte etorri nintzen Ekuadorretik Euskal Herrira, ordutik Eibarren bizi naiz. Eskolan ikasi nuen euskaraz eta ulertzera ere heldu nintzen baina, gerora, galdu egin nuen ulertzeko gaitasuna. Orain, zerbait ulertzen dut, laurdena inguru. Baserrietara joaten garenean, dena egiten dute euskaraz baina hizkera itxia da eta kostatzen zait ulertzea. Denborarekin, nahi nuke ulertzea eta hitz egin ahal izatea, nire arreba txikiak bezala”.
Ekuadorren ere, jatorrizko hainbat hizkuntza (+12) hitz egiten dituzte oraindik. Jatorrizko hizkuntza horien artean, kitxuera da nagusiena.