"Elkarrizketa elebidunak ere izan ditugu egunotan"

Egoitz Unamuno 2020ko aza. 29a, 11:31

Mertxe, Nuria, Maialen eta Edurne Fer Merchandising enpresaren bulegoan.

Fer Mercahndising enpresak Soraluzen duen delegazioan lau plazentziatarrek egiten dute lan. Hizkuntza profil ezberdinak dituzten arren, euskaraz guztiek ulertzen dutenez, barne eta kanpo Ariguneak izendatzea erabaki dute, egunotan euren artean euskaraz gehiago egiteko.

Lehen aldiz euskaraz Nuriak eta Mertxek Belarriprest rola aukeratu dute, Edurnek eta Maialenek, berriz, Ahobizirena. Halaxe dihardute egunotan, eta batzuen artean lehen aldiz euskaraz ere egin dute. Zenbaitetan elkarrizketa elebidunak ere izaten dituzte, batez ere, Mertxerekin, berak gazteleraz erantzun arren euskaraz "ia dena" ulertzen baitu."Ulertzen ez dudanean galdetu egiten dut eta listo", dio berak.

Nuriak ere gogotsu heldu dio ariketari eta egunotan ohikoa baino gehiago dihardu euskaraz. Maialeni txapa jazteak lagundu egin dio erdararako joera zertxobait aldatzen eta Edurnek bete-betean dihardu Ahobizi rolean, "Euskaraldiak aukera eman dit pausotxo bat aurrera emateko". 

OHARRA: Euskaraldian bizipenen bat izan baduzu, Plazentziatarron bizipenen koaderno digitalean konta dezakezu zeurea: https://labur.eus/plazentziatarronbizipenak. Aldez aurretik eskerrik asko! Eta gogoratu, testigantza eman duten herritarren artean Errigorako saski bat eta bost kamiseta zozkatuko direla. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.