Eguazteneko Kafia eta berbia topaketan jasotako testigantzak dira. Bertaratu ziren herritarrek zuzenean kontatu zituztenak, askotarikoak eta ugariak.
Denetariko esperientziak
Seigarren egunaren bueltan, zenbait soraluzetarri bizitzen diharduten esperientziaren gainean galdetu diegu. Bi motatako erantzunak izan dira nagusi: aldaketarik esperimentatu ez dutenenak eta aldaketak esperimentatu dituztenenak, batzuek gutxi, besteek asko. Azken hauen kasuan bizipenak oso indartsuak dira eta oso positiboak, jaso ditugun testigantzen arabera. Badira “armairutik irten” duten hiztunak edo “erdaldun etiketa” gainditzen hasi direnak, euren burua belarriprest edo euskaldun moduan aurkeztuta; eta badira ahaldunduta sentitu diren hiztunak, eta ordura arte erdaraz egin dieten pertsonei euskaraz egiten hasi direnak, baita elkarrizketa elebidunak izatera heldu arte ere. “Ilusioa”, “babesa”, “aurreratu izanaren sentsazioa” dira horien ahotan entzun ditugun berbak.
Euskalzaleen mugimendua indartu da
Euskaraldiaren eragina “oso modu nabarian” igerri dute herriko euskalzaleen mugimenduan. “Herritar boluntarioz osatutako 365 lan-taldeak oso ondo funtzionatu du eta herritarrei izen-emate kanpainan laguntzeko eskatu zaienean ere, dozenaka herritar hurreratu dira. Ekimeneko trebakuntza tailerretan, esaterako, ehun herritarrek parte hartu dute”. Gustura daude Arianne Unamuno (Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea) eta Mikel Leunda (Udaleko Euskara Zerbitzua) herritarrek izan duten parte hartzearekin. Etorkizunean, Euskaraldiaren lan-ildoari jarraipen sendoa ematea izango dute helburu. Partaideei “12. egunetik aurrera ere, 365 egunetan ahobizi eta belarriprest moduan jokatzen jarraitzeko” gonbita egingo diete.
Abenduaren 15ean, topaketa
Euskaraldian zehar bizitakoak elkarbanatzeko hitzordua jarri dute abenduaren 15erako: Batu Sutondora. “Goizeko 10:45ean batuko gara Antzokian eta hamaika egun hauetan, eta ondorengo beste hamaikatan izandako esperientziak kontatuko dizkiogu elkarri. Hitzordu garrantzitsua izango da, besteak beste, elkarrengandik ikasten eta ekimenak herrian izan duen eraginaren zenbatekoa neurtzen lagun dezakeelako”.