Urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu dute bi enpresarirentzat Deba ibaira zianuroa isurtzeagatik

Ubane Madera Zangitu 2024ko urt. 12a, 10:55
Otsailaren 12an azaldu ziren arrainak hilda ibaian.

Atzo, eguena, enpresa bateko bi arduradun epaitu zituzten Donostian, Deba ibaira zianuroa isurtzearren, Bergaran. Komunikabideek argitaratu dutenez, Gipuzkoako Fiskaltzak urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu zuen haientzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, akusazio partikular gisa, urtebeteko kartzela-zigorra, isuna eta 200.000 eurotik gorako konpentsazioa eskatu zuen, ingurumenean eragindako kaltearengatik. 70.000 arrain inguru hil zituen isuri hark. Soraluzen, Zubi Nagusi inguruko ibai-ertzetan pilatu ziren ehunka eta ehunka arrain hilda.

Hainbat komunikabidek (Berriak, Naizek eta Noticias de Gipuzkoak, besteak beste) jakinarazi dutenez, atzo, eguena, galvanizazio enpresa bateko bi arduradun epaitu zituzten Donostian, Deba ibaira zianuroa isurtzeagatik, Bergaran.

Xehetasunen arabera, Gipuzkoako Fiskaltzat urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu zuen haientzat. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, akusazio partikular gisa, urtebeteko kartzela-zigorra, isuna eta 200.000 eurotik gorako konpentsazioa eskatu zuen, ingurumenean eragindako kaltearengatik. 

Arrainak hilda edo hiltzen azaldu ziren

2018ko otsailaren 12an izan zen gertakaria. Arratsalde hartan hildako edo hiltzen zeuden arrain mordoa azaltzen hasi ziren ibai bazterrean, herritar askoren kezka piztuz.

Hurrengo egunean, URA Agentziak ikerketa abiarazi zuen eta otsailaren 20an Gipuzkoako Diputazioak eta Arrantza eta Ehiza sailak Fraisoron egindako analisiek ondorioztatu zuten isurketa zianuroa izan zela; martxoan, berriz, adierazi zuten kontua epaitegian ebatsiko zela seguruenik.   

Epaiaren zain

Bada, atzo egin zuten epaiketa. Berriak argitaratutako artikuluaren arabera, basozain batek bere testigantza eman zuen epaiketan; adierazi zuen ibai bazterrean «arrain mordoa hilda» zegoela abisatu ziotela, baita arrain asko ibaiertzera salto egiten ari zirela ere. 

Akusatutako enpresarien lantegia ikertu zuten ertzainek, eta ohartu ziren hiru ur orbitatan zegoela zianuroa; horietako bat ibaiarekin konektatuta zegoela ere ikusi zuten. Ertzaintzak ondorioztatu du uholde txiki bat izan zutela lantegian, eta horregatik isuri zela zianuroa ibaira; izan ere, frogak hartzera joan zirenetako batean, produktu xurgatzaile bat antzeman zuten lurrean.

Beste ertzain batek adierazi zuen enpresak ez zuela zianuroa erabiltzeko baimenik, eta uste zuen ibaira egindako isuria «nahiko handia» izan zela, izan zuen inpaktu handiagatik. Enpresako langileek ere deklaratu dute, eta adierazi dute lantegian ez dutela zianurorik erabiltzen. Bi enpresariek ere gauza bera esan zuten, baina gehitu zuten posible dela zianuroa «ustekabean» sartu izana lantegian.

Epaiketa epaiaren zain geratu zen.

 

Erlazionatuak