Arrain mordoa hilda edo hiltzen, ibai bazterrean

Ubane Madera 2018ko ots. 12a, 18:22

Arrainak errekan hilda. Argazkia: Alberto.

Gaur arratsaldean, astelehena, arrain mordoa azaldu dira hilda edo hiltzen ibai bazterrean. Mordoxka izan dira hasieran, geroago eta gehiago, berriz, arratsaldeak aurrera egin ahala. Soraluzetar askori eragin dio kezka gertakaria ikusteak. Ibai bazterrean marra zuri bat ikusten zen zati handi batean gaztetxetik aurrera.

Eragin duen kezkaren adierazle Zubi Nagusitik ibai bazterrera begira egon dela herritar asko; ibai bazterrera jaitsi eta bertatik bertara ikusten ibili denik ere izan da. “Horrela jarraituz gero, ibaiko arrain guztiak hilko dira!”, esan du batek. 

Gure erredakziora ere makinatxo bat argazki bidali dituzte, eta telefonoz edo bertaratuta gertakariaren berri ere eman dute behin baino gehiagotan.

Osintxun ere bai

Horren harira, Udaltzaingoak jakinarazi du galdetzen ibili direla eta esan dietela Osintxun ere badaudela, “hor goitik dator, nonbait”, esan dute.

Urak agentziak aztertzeko zain

Urak agentziak zaintzen du ibaietako uren kalitatea, eta gaurko moduko kasuen berri jakiten dutenean, protokoloa martxan jartzen dute eta ura analizatzen dute  balizko kutxaduraren arrazoia zehaztu eta, isuria gertatu den kasuetan bere jatorria zehazteko, eta hala badagokio, isunak ezartzeko. Hargatik, isuriak gertatu direnaren zantzuak daudenean, komenigarria da abisua pasatzea 112ra edo udaltzaingora deituta. 

Bihar, Plaentxia.eus harremanetan jarriko da Urak agentziarekin eta datozen egunetan jarraipena egingo diogu gaiari.