Ibaira egindako balizko isurketa ikertzen dabiltza

Ubane Madera 2018ko ots. 13a, 12:34

Uraren Euskal Agentzia atzo Deba ibaira egindako balizko isurketa ikertzen dabil. Norbaitek arrainak hilda azaldu zirela-eta, abisua eman zuen 112-ra. Eta horri esker Uraren Euskal Agentziako teknikariak ur-laginak hartu ahal izan zituen. Oraindik ez dakite non egon zen isurketaren fokua. 

Uraren Euskal Agentziatik ikertzen dabiltza, hain zuzen ere, non izan zen isurketa eta zer isuri den. Edozein modutan, eskerrak eman nahi dituzte gertakariaren berri emanez norbaitek 112 zenbakira deitu izanagatik.

Halakoen garrantzia azpimarratu nahi dute Uraren Euskal Agentziatik; sute baten abisua ematen dugun moduan, halako kasuetan ere abisua emateak berebiziko garrantzia duelako, Eneko Arbizurik, Uraren Euskal Agentziako prentsako ordezkariak azpimarratu duen moduan.

Diputazioa ere jakinaren gainean

Soraluzeko Udalari dagokionez, berriz, gertakariaren berri izanda, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri zen harremanetan. Osintxutik gorako isurketa izan zela ikusi zen, "ufala zetorrela-eta aprobetxatuta. Bista guztiarekin egin zuen norbaitek. Abisua eman ondoren, ikuskaria etorri eta puntu konkretua behar du lagina hartzeko. Baina atzoko ufalarekin nekeza izango da zerbait argia lortzea", adierazi du Iker Aldazabal alkateak. 

Ibaiak zekarren emaria kontuan hartuta, pentsatzekoa da baita ere, isurketa handia izan zela, bestela urak eraman eta ez ziren horrenbeste arrain hilda azalduko.