Zianuroak hil zituen arrainak

Ubane Madera 2018ko ots. 20a, 16:16
Arrainak ibaian hilda, joan den astean.

Zianuro izeneko pozoiak akabatu zituen otsailaren 12an Deba ibaian hilda eta hiltzen azaldu ziren arrainak. Hala ondorioztatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Arrantza eta Ehiza sailak egindako analisiek. 

Diputazioak jakinarazitakoaren arabera, Fraisoron dituen laborategian aztertu zituzten egunean bertan Soraluzen eta ibaian gora hartutako uren laginak. 17:00ak aldera abisatu zieten ehunka arrain hilda azaldu zirela ibaian, eta segituan bertaratu ziren basozainak eta teknikariak, uraren laginak jasotzera.

Ibaia eta inguruak aztertzen

Emandako xehetasunen arabera, ibaia arakatzen ibili ziren ea ze puntutan hasi ziren arrainak hilda azaltzen, jakiteko nondik eta nola gertatu zen isurketa. 

Bestalde, Uraren Euskal Agentziatik esandakoaren arabera, bertako teknikariak “inguruko enpresa guztietan dabiltza inspekzioak egiten, Soraluzen hasita ibaian gora”.  

Edozein modutan, isurketa zianuroa izan zela jakiteak asko erraz lezake hura nondik etorri zen jakitea, enpresa batzuk bakarrik erabiltzen dute-eta zianuroa euren jardunean. 

 

Erlazionatuak