10:00etarako abiatu ziren lasterketa luzeko korrikalariak Zubi Nagusitik. Estaziñora iristerako hasi ziren korrikalarien arteko distantziak handitzen. Eta bigarren bueltarako, lehen zihoazenek azken zihoazenak harrapatu eta gainditu zituzten.
Gainditu beharrekoa
Azkenean, 36 minutu eta 16 segundo segundo. Horixe da Alejandro Rodriguez Memorialaren marka, datorren urtean gainditu beharrekoa. Txomin Marañon durangarrak ezarri zuen, bera izan zen-eta, helmugaratzen lehena.
Haren atzetik helmugan sartu zen bigarrena izan zen Assehli Younes, hura ere durangarra (00:36:20) eta hirugarrena eta Soraluzeko lehena izan zen Jokin Muñoz (00:36:31).
88 korrikalari izan ziren 10,5 kilometroko lasterketa egin zutenak. 65 mutil eta 23 neska, guztira.
Neskak
Hori horrela, nesken mailan, Saioa Ugidos elgetarra iritsi zen lehena helmugara (00:48:34) eta Irati Iñurrieta eta Mertxe Arenatza soraluzetarrak sartu ziren, berriz, haren ondoren (00:53:21). Biak batera sartu zirenez, antolatzaileek aukeran eman zieten saria zela banatu.
Jokin Martinezen galderei erantzuten, Ugidosek ere bat egin zuen zirkuituraren gogortasuna aipatzerakoan. "Azken buelta gogorra" egin zitzaiola adierazi zuen.
Bestalde, Iñurrietak irabazitako garaikurra Nerea Rodriguezi oparitu zion, sari banaketan. Alejandroren alaba gazteak malko artean hartu zuen oparia.