Demasa izan da

Ubane Madera 2018ko mai. 20a, 14:45

Zorionak! Horiexek izan dira I. Alejandro Rodriguez Memorialaren amaieran gehien entzun diren berbak. Izan ere, handia izan da gaur Soraluze, Mugituz! ekimenak lortu duena. Hunkigarria, jendetsua eta batez ere, kirolariz eta kirolzalez betetakoa izan da, 18 urteko hutsunearen ondoren, gaur bueltan izan dugun herri krosa, Memorial Atxaren pausoei jarraiki etorri den Alejandro Rodriguez Memoriala. Familiako kideek eta herritar askok malkoei ezin izan diete eutsi amaieran. 

Izan ere, Soraluzeko I. Herri Krosaren amaieran, Alejandro Rodriguezen alarguna, alabak, haien senarrak eta lobak podiumera gerturatu arazi dituzte antolatzaileek, eta Manu Cifuentes arotzak egindako egurrezko oroigarria eman diete. Eskerrak ere helarazi dizkiete, Alejandro Rodriguezek 24 urtez antolatu zuen Memorial Atxa krosarengatik eta hark emandakoarengatik.

"Bihotz handia" 

Familiaren izenean, berriz, Leire Rodriguez alaba nagusiak antolatzaileei, krosean parte hartu dutenei, eta oro har, herri osoari eman dizkio eskerrak. “Jenio handia zuen Alejandrok, baina bihotza ere handi-handia zuen”, esan zuen, besteak beste. 

Han zeudela, Alejandroren lagun zen Fernandok familiari eman dio lasterketa gogoangarri batean irabazi zuen domina, Alejandrok berari emandako laguntasunari esker irabazitakoa izan zelako. “Uste dut familiari dagokiola hau izatea”, esan zuen. 

Eta besteak beste, gauza bera egin du Irati Iñurrieta korrikalariak. Nagusien mailan, berak irabazitako garaikurra Nerea Rodriguezi oparitu dio; Alejandroren alaba gazteak malko artean hartu du oparia. 

260 bat korrikalari 

Halako eta besteko irudi guztiez aparte, ikusgarriak izan dira Alejandro Rodriguez Memorialak utzi dituen zenbakiak: 260 bat korrikalarik parte hartu dute egin dituzten lasterketetan: 88 korrikalarik lasterketa luzean (65 mutil eta 23 neska) eta 23 lagunek lasterketa mistoan (12 mutil eta 11 neskak, bost bikotek).

Umeen lasterketetan, berriz, 34 neska-mutiko izan dira 2014-2015ean jaiotakoak; 37, berriz, 2010-2011n jaiotakoak; 22 neska-mutiko 2012-2013an jaiotakoak; 28 ume, 2008-2009an jaiotakoak; 15 neska-mutiko 2006-2007an jaiotakoak eta bukatzeko, izan dira 9 ume, 2004-2005ean jaiotakoak. 

Guztiak irabazle 

Nabarmentzekoa da, baita ere, kirolaren baloreak sustatzeaz gainera, parekidetasuna, hondakinen murriztea, eta bertako kontsumoa ere bultzatu nahi izan dituztela kirol jarduera honen bitartez, Jokin Martinezek, antolatzaileetako batek mikrofonotik behin eta berriro errepikatu duen moduan.

Gaurkoan, bada, podiumeko gorengo eskailerara igo direnez aparte, lasterketetan izan diren parte-hartzaileak, ikusleak, antolatzaileak, Alejandro Rodriguezen izena eta haren familia, herria… guztiak izan dira irabazle.