Presen auzia

Oleako presaren zati bat eta Zuloagako presa osorik botatzeko foru agindua argitaratu du Aldundiak

Ubane Madera Zangitu 2025ko mar. 5a, 16:01

Zuloagako presa edo hodia osorik eraitsiko dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak asteleheneko GAOn (Gizpuzkoako Aldizkari Ofiziala) jakinarazi zuen argitaratu duela Oleako presaren zati bat eta Zuloagako presa osorik botatzeko foru agindua. “Olea presari dagokionez, zati bat eraistea aurreikusi da (presaren eskuinaldea), ingurumen-interesak eta haren ondare-balioa bateragarri egiteko. Zuloaga presaren kasuan, oztopoa jada erabiltzen ez den zentral hidroelektriko zahar bat eroateak sortzen du, eta, beraz, erabat ezabatzea proposatzen da”. Proiektua udazkenean Udal Gobernuak Aldundiarekin adostu zuen bide-orria betetzera dator. Gure Deba Ibaia taldea proiektu honen kontra agertu da eta proiektu integrala eta galdeketa eskatu ditu.

Foru Aldundiko Obra Hidraulikoen Zuzendaritza Nagusiaren enkarguz, Idom Consulting, Engineering, Architecture S.A.U. enpresak Olea eta Zuloagako presak iragazkortzeko proiektua idatzi zuen 2024an eta orain, hura jendaurrean jarri dute, hogei eguneko epean, aipatutako obrek kalte egingo diotela uste duenak helegiteak aurkez ditzan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektuan jaso duenez, Oleako eta Zuloagako presetan egingo dituzten aktuazioak Aldundiak Gipuzkoako ibaiak lehengoratzeko garatzen diharduen egitasmoaren baitan kokatzen dira: “Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak zenbait lan eta azterketa egin ditu lurralde historikoko ibaietan dauden askotariko presa txikiek arrain-espezieen migraziorako eragiten dituzten arazoak aztertzeko. Horren ondorioz, presa txiki horiek eraisteko eta arrainak pasatzeko arrapalak eta eskalak eraikitzeko proiektuak idazten eta gauzatzen ari dira”. 

Zuloaga presa osorik botako dute

Proiektuaren arabera, Zuloaga erabiltzen ez den zentral hidroelektriko bateko presa denez, hura osorik eraitsiko dute. “Ez da inolako eragozpenik antzeman hodia kentzeko eta hormigoizko errefortzua egiteko. Eraiste osoak arrainentzako pasabide eta erremontearen baldintzarik onenak eskaintzen ditu, ingurunea naturalizatzeko aukera emateaz gain”, azaldu dute.

Oleako presa partzialki

Oleako presari dagokionez, Diputazioak dioenez, “iragazkortzeko aukerarik onena hura partzialki eraistea da, arrain-espezieak pasatzeko eta altxatzeko baldintzarik onenak eskaintzen baititu, eta ingurunea naturalizatzeko aukera ematen baitu. Horiek eraisteak ez die eragiten inguruko egiturei”.

Aldundiak dio bat datorrela HAPOarekin 

Aldundiak adierazi duenez, proiektua bat dator Soraluzeko Udalaren Hirigintza Plan Orokorrarekin, “kontuan hartuta Soraluzeko Udalak egindako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) (2017ko otsaila), hartutako konponbidea aztertu eta justifikatu da presa txikien kultura eta ondarearen ikuspegitik, bai eta egitura horiei lotutako uholde-arriskuak ere”.

Ildo horretan, ondokoa gaineratu du: “Soraluzeko HAPOa aztertu da, nahiz eta proiektu honetan hartutako irtenbidea ez den funtsean desberdina; hau da, planteatutako soluzioak uholde-arriskua murrizten du eta, aldi berean, udalerriko hiri eremua ibaira irekitzeko aukera ematen du. Ekintza horren bidez, hiru helburu lortu nahi dira: uholde-arriskua murriztea, faunari bidea erraztea eta hiri-eremuko ondare-balioei eustea, HAPOren proposamenean bezala”.

Presak duen babesa ere aipatzen du Diputazioaren planak esanez “babestuta” dagoela,” baina babesa” ez dela “erabatekoa, HAPOk presaren zati bat eraistea aurreikusten baitu, ingurumen- eta ur-arrazoiengatik”.

Proiektuaren memoria osoa irakurgai HEMEN .

GDIren iritziz proiektuak ez du betetzen HAPOa 

Gure Deba Ibaia taldeak ez du uste proiektuak HAPOa betetzen duenik, kontrakoa: "Proiektuak ez du batere betetzen HAPOa : herriari eta Udalari burla egitea da. Horixe adierazi zuen GDIk zapatuan kaleratu zuen Olea arriskuan eta Plan Integral barik idatzian. "Gogoratu behar dugu Soraluzeko Plan Orokorrak Olea presa babesten duela; eta URA berak, Olaldeako Plan Berezia onartu zuenean, ez zuela presa apurtzerik eskatu. Horrez gain, ez 2022-2027 Plan Hidrologikoak ezta Uholdeen Arriskuen Planak ez dute Olea presa aipatzen ezertarako", adierazi du GDIk. Gainera taldearen ustez, "Olaldea proiektu urbanistikoa aurrera ateratzeko Oleako presa ez da batere traba, inundik inora".

Horrekin batera, Udalak aurrekontuan jaso duen Plan Integrala garatu behar lukeela uste dute "Txurrukenetik Igarateraino, eta ez dela erabakirik hartu behar Plana publikatu eta herri bozketa egin arte, oposizioko alderdi nagusiak dioen moduan". Udalak Aldundiak aurkeztu duen proiektuari "aurka egin" eta alegazioak aurkeztu beharko lizkiokeela uste dute.

Zuloagako presa, berriz, "ezabatu daiteke" GDIren esanetan. 

Udalak eta Aldundiak adostu zuten bide-orriaren ildotik

Zuloagako presa osorik eta Oleakoa partzialki eraisteko erabakiaren berri udazkenean eman zuten Soraluzeko Udalak eta Aldundiak, presekin jarraitu beharreko bide-orria adostu zutenean. Bide-orri haren arabera, aurten, "Merlin proiektuak Zuloagan eta Olean esku-hartuko du, lehena erabat kenduz eta bigarrena partzialki eraitsiz". Igareta eta Olabarrenaren kasuan berriz, Udalak eta Aldundiak erabaki zuten bi presa horietan egin beharreko esku-hartzeak Merlin proiektutik kanpo lagatzea eta  "ariketa konplexuago eta zainduagoa" egitea, horretarako Plan Integaral bat prestatuz.