Urtea amaitu arteko epea zuen Udalak presen auzian erabaki bat hartu eta Merlin egitasmoari erantzuteko, eta aste honetan iritsi da erabakia, Aldundiarekin batera adostu duen bide-orriaren bidez. Haren arabera, datorren urtean, Merlin proiektuak Zuloagan eta Olean esku-hartuko du, lehena erabat kenduz eta bigarrena partzialki eraitsiz, aurreikusita zegoen moduan. Igareta eta Olabarrenaren kasuan berriz, Udalak eta Aldundiak erabaki dute bi presa horietan egin beharreko esku-hartzeak Merlin proiektutik "kanpo" lagatzea.
Lanketa "konplexuagoa eta zainduagoa"
Udalak helarazitako dokumentuan esplikatzen duenez, azken hilabeteetan Diputazioarekin "eskuz esku" jardun du aukera ezberdinak aztertzen eta zer egin adosterako orduan, ahalegindu dira "koherentziaz" jokatzen, bai HAPOan (Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorra) jasota dagoenarekin (Ikus testua eskumako zutabean) baita iazko udazkenean egin zen parte hartze prozesuan zehaztu ziren ondorioekin ere.
"Luze eta sakon" berba egin ostean, bi erakundeek ondorioztatu dute Olabarrena eta Igaretako presekin "ariketa konplexuago eta zainduagoa" egitea dagokiela eta uholde-arriskuaz eta iragazkortasunaz (permeabilitateaz) gain, beste faktore batzuk ere landu beharko liratekeela: "sortuko diren ibai-ertzetako biodibertsitatea, ondare materiala balioztatzeko proiektua, ur-xaflaren eragina ibaiaren paisaian eta Udalak ibaia herritarrei gerturatzeko dituen proiektuak, SAPAn egindako eraldaketa, Plaza Zaharrean aurreikusitako harmailak eta Olabarrena inguruan planteatuko direnak".
Era berean, gogorarazi dute Soraluzeko HAPOa presen auzian zeresana duten erakundeen artean (Ura Agentzia, Aldundia eta Soraluzeko Udala) adostua dela eta bertan presen altuera jaisteko konpromisoa hartua dutela, Ura Agentziak uholde-arriskuari aurre egiteko beharrari erantzunez, horrela "ibai-ertzetan aurreikusitako garapen urbanistiko estrategikoak egingarri bihurtzeko", hala nola, SAPA eta Olaldea eraldatzeko proiektu estrategikoak. Bide batez, Udalak iragarri du Olaldeako Plan Berezia garatzeko dirulaguntza garrantzitsu bat "nahiko aurreratuta" daukala Eusko Jaurlaritzarekin eta datozen asteetan emango duela informazio gehiago.
2025ean, Zuloaga eta Olea
Bi erakundeek jakinarazi dutenez, datozen hilabeteetan, "Diputazioko departamentu ezberdinak eta Soraluzeko Udala buru-belarri sartuko dira dinamika horretan". Ez dakite zenbat denbora beharko duten "ekintza sorta" definitzeko, baina ikusita Merlini lotutako proiektuek 2025eko udarako bukatuta egon behar dutela, argi izan dute "ez direla prozesu bateragarriak". Ondorioz, erabaki dute 2025ean, Merlin proiektuaren bidez, Zuloago eta Oleako presetan esku-hartzea eta Olabarrena eta Igaretako esku-hartzeak, berriz, Merlin proiektutik "kanpo" lagatzea.
Zer dio HAPOak presen inguruan?
“Tokiko ondarea aintzat hartu ahal izateko, udalaren ikuspegitik beharrezkotzat jo da honako helburu hauek ere planteatzea. udalaz gaindi babesteko elementuak katalogatzeaz gain (horien barnen hartuta presuntzio arkeologikoko elementuaketa guneak): Deba ibaiaren izaera urbanoa babestea, hainbat elementu finkatuz, hala nola, Olea, Igareta eta Olabarrenako hiru presak, nahiz eta azken bi hauen altuera jaitsi egingo den, hiru helburu hauek erdiesteko: uholde-arriskua murriztea, faunaren igarobidea erraztea eta hiri-inguruneko ur-xaflei eustea”.
Iturria: Soraluzeko Udala.