Soraluzera kirola egitera

Aiora Ballesteros: "Mistoa da lerro-hockeya eta ohikoagoa da berdintasun handiagoa izatea"

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 16a, 09:05

Marras Irristaketa Taldea 2019an eratu zen. Bost mailatan ditu taldeak, benjaminak eta alebinak eta federazio mailan, infantilak, jubenilak eta emakumeak. Lehen lau kategoriak mistoak dira eta azkena emakumeena. Eibartik bi jokalari datoz. Bata da Aiora Ballesteros, (Eibar, 2009) Marras Irristaketa Taldea sortu zenetik, 2019tik, dihardu Soraluzen.

Zelan irisi zinen lerro-hockeyra?

Behin, Debako paseoan patinatzen nenbilen. Aita ikusi nuen mutil batekin hitz egiten. Iraitz Ibarzabal zen. Hark gomendatu zion eta hockeyra apuntatu nintzen. Aitak esaten zidan zelan patinatu eta patinatzen ibiltzen nintzen.

Eibarren ez dago lerro-hockeyrako aukerarik?

Ez, ez dago patinetako kirolik. Marrasi esker nabil lerro-hockeyan.

Esango zenuke orain lerro hockeya Eibarren ere gehiago ezagutzen dela?

Igual bai. EtaKitton agertu nintzen sari bat hartzen eta hura ikusita, igual lerro-hockeyari buruz zerbait gehiago dakite. Baina nire lagunek ez dakite patinatzen, hori ez.

Zeu zelan zabiltza Marrasen eta Soraluzen?

Soraluzetik autobuseko ibilbidea bakarrik ezagutzen dut. Taldekideekin, berriz, ondo. Harreman estua dugu. 

Sei urte lerro-hockeyko jokalari izaten; zer moduz?

Pozik. Gustuko dut, eta, horri esker Euskal Selekzioan ere egon naiz urtebetez.

Lerro-hockeya beste kirol batzuk baino sakrifikatuagoa dela esan daiteke? (Azpiegiturak, ordutegiak…)

Bueno, hemen ondo gaude. Batzuek akaso kanpoan nahiago izango dute, baina gu ondo gaude. Hori bai, talde batzuen eta beste batzuen artean desberdintasun handiak daude maila aldetik. Entrenamenduak, akaso, apur bat berandu bukatzen ditugu, baina bestela ondo.

Kirol "txikia" izateak aukera gehiago ematen ditu?

Bai. Beste kirol batean igual ez nintzateke Euskal Selekzioarekin ibiliko.

Arreta ematen du ikusteak zenbat neskak diharduzuen.

Bai. Neska gehien dituen kluba da. Mistoa da lerro-hockeya eta ohikoagoa da berdintasun handiagoa izatea.

Zein litzateke zure helburua lerro-hockeyan?

Selekziora joatea nahikoa dela uste dut. Profesional izateko, adibidez, oso-oso ona izan behar zara. Hori ez zait burutik pasatu. 

Eta Marrasen, noiz arte?

Marrasekin egongo naiz ekipoa desagertu arte edo ikasketekin presionatuegi sentitu arte.

Baduzu lerro-hockeyko ekipo/jokalari faboritorik?

Harreman gehien Burdinolarekin -Bergara- baina partidetan denak ezagutzen ditugu, batez ere, selekzioan egiten ditugu lagunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.