Bergaran pilota elkartea egonda, zer dela-eta diharduzu Soraluzen?
Bergaran ni nintzen neska bakarra. Behin proposatu zidaten partida bat jokatzera etortzea hemengo jaietara eta gero proposatu zidaten entrenamendu batzuk probatzera etortzea eta zelan Bergaran orduan ez zegoen neskarik eta hemen bi, ba etorri eta geratu egin nintzen. Lehen lau neska geunden, orain hiru gaude.
Neska izanda mutilekin entrenatzen eta jokatzen duzu… Ondo moldatzen zara?
Txikitatik izan da horrela, zeren pilotan oso neska gutxi gaude. Niregatik, ondo, normal.
Hala ere, ez zenuke nahiago bakarrik neskekin jardutea, batez ere, orain neskak espazio handiagoa hartzen ari direla ikusita?
Akaso probatu nahiko nuke, gure artean konfiantza gehiago dugulako-eta, baina azkenean ez da egon aukerarik, oso neska gutxi gaude eta.
Plazentzian zelan moldatzen zara? Zer da hemendik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?
Hemen ondo. Gehien gustatzen zaidana da dagoen giroa eta jendea oso jatorra dela, eta gutxien, etxetik pixka bat urrun daukatela.
Ez zara bergarar bakarra Soraluzera kirola egitera datorrena, ezta?
Ezagutzen dut jendea beste kirol batzuk praktikatzera etortzen dena Soraluzera, hockeyra eta futbolera.
Pilotara, behintzat, kanpotar asko dator; izen ona dauka hemengo klubak?
Uste dut Aitor Atxotegik fama ona izango duela, esperientzia handia duelako. Entrenatzaile ona da, esperientzia du eta igartzen zaio.
Zer nahiko zenuke lortu pilotarekin?
Oraingoz hobby bezala daukat eta ez daukat asmorik oso urrun ailegatzeko. Kirola disfrutatu. Oraingoz, hobby moduan, gero ikusiko dut.
Zelan ikusten duzu aurtengo denboraldia?
Oraindik ez dut asko jokatu baina oraingoz, ondo.
Zuri zeinek sartu zizun pilotaren zaletasuna?
Anaia Paulok jokatzen zuen eta Ramon aitaitak ere bai. Txapeldun ere izan zen hemen, Soraluzen.
Zein da zuretzat erreferente?
Batetik, familia eta bestetik, txikitatik ikusi izan dut Rezusta Bergaran, eta hura ere bai.
Bergarako neskek zein kirol praktikatzen dute, batez ere?
Saskibaloia, futbola… pilota ere bai, baina ez dago nire adinekorik.