Zelan hasi zinen futbolean eta noiz hasi zinen Soran?
Futbola aitak erakutsi zidan eta gero lagunekin jolasten nuen beti futbolean. 8 urterekin etorri nintzen Soraluzera eta 9 urte eta erdirekin hasi nintzen Soran.
Orain Oñatin bizi zara, baina hala ere, Soran jarraitzen duzu; zergatik?
Bai, lagunengatik.
Oñatitik Soraluzerako joan-etorria ez da batere erraza.
Ez. Klasetik 16:30ean irten eta 15 minutuan kilometro eta erdi egin behar dut etxera joan, eskolako motxila laga, futbolekoa hartu eta autobusa hartzeko. 20 minutu busean San Prudentziora, 20 minutu itxaron eta beste autobus batean, ordu erdi Soraluzera. Bueltarako, asteartean 20:00etan joaten naiz, ostegunean 20:30ean edo 21:00etan eta barikuetan lagunekin geratu eta 22:00etan.
Ez da errazagoa Oñatiko Aloña Mendin jokatzea? Datorren urtean zu fitxatzea nahiko balute…
Lagunak baditut han, ligan bigarren doaz eta gu 12., baina ez dut gura, ez nintzateke joango.
Sora Futbol Taldetik zer duzu gustukoen?
Taldeko giroa eta entrenatzaileak. Asko laguntzen dute hobetzen, jokatzeko minutu asko ematen dituzte, konfiantza, eta, akatsen bat eginez gero animatu egiten dute. Benjaminetatik kadeteetara Victor Perez izan nuen entrenatzaile eta kadeteetan Aitor Gomez Tita eta Aitor Barrutia.
Eta Soraluzetik zer gustatzen zaizu gehien?
Pertsonak. Oso jatorrak dira beste herri batzuekin konparatuta. Adibidez, Oñatiko lagun bat Sorara jokatzera etorri zenean, zelaira igotzen lagundu zioten. Aldiz, beste lagun bat Mondrara jokatzera joan zen eta ez zioten horrelako kasurik egin.
Futbolarekin zer nahiko zenuke lortu?
Denok nahi dugu profesional izan. Zaila da, baina ametsa beti dago hor.
Zein da erreferentziazko ekipoa? Eta jokalaria?
Gure ligan Oñatiko Aloña Mendi, ondo jokatzen du. Lehen mailan, Barça. Jokalarietan, Robert Lewandowski dut gustukoen, nire posizioan jokatzen duelako; eta, Aitor Barrutia, berak beti erakutsi egiten dizulako Soran jokatzeko modua eta horrekin batera, asko laguntzen duelako.
Futbol ligarik gustukoena?
Orain La Liga. Lehen hobea zen Premier League, baina orain ez.
Ikasketetan-eta aurrera egin ahala Soran jarraituko duzu?
Asko ikasten dut. Datorren urtean, espero dut batxira joatea eta orduan oraingoa baino ordutegi hobea izango dut Soraluzera etortzeko.