SORALUZERA KIROLA EGITERA

Unai Sanchez: "Elgoibarko lau lagunek entrenatzen dugu hemen"

Ubane Madera Zangitu 2025ko ots. 16a, 11:41

Unai Sanchez (Elgoibar, 2013) 2021etik dabil errugbian. Eibarko Rugby Taldean hasi zen kirol hori praktikatzen. Baina SoraGazteak Rugby Kluba sortu bezain laster Soraluzeko taldearekin hasi zen entrenatzen eta jokatzen. 2022tik dihardu hemen.

Zelan animatu zinen errugbira?

Niri uda batean lagun batzuk gomendatu zidaten errugbia probatzeko. Orduan ez nuen kirolik egiten eta errugbian hasteko proposatu zidaten. Eibarkoak ziren, probatzera joan nitzen eta gelditu egin nintzen. Han lagunak egin nituen: Aimar, Unax eta Enekoitz. Urtebete egon nintzen han. 

Baina ez zenuen EibarRugby Taldean segitu; ez zizuten horretarako aukerarik eman?

Bai, ahalko nuke segi Eibarren, baina nahiago nuen Soraluzera etorri, hemen lagun gehiago ditudalako.

Elgoibarren ez duzue errugbi klubik eta ezta praktikatzeko aukerarik ere, ezta?

Elgoibarren ez dago errugbirik, ez. 

Horregatik akaso SoraGazteak Rugby Klubean ez zara elgoibartar bakarra izango…

Ni lagun batekin etorri nintzen, Asier Orge. Eta Elgoibarko beste bi lagunek ere gustuko dute errugbia eta hona etorri dira. Beste batzuk ere badaude probatzera etortzekotan dabiltzanak, Elgoibarko lau gaude hemen entrenatzen.

Beraz, esango zenuke Elgoibarren orain errugbia ezagunagoa dela SoraGazteak Klubari esker?

Bai. Uste dut pixka bat ezagunagoa dela.

Zelan ikusten duzu zure burua Soraluzeko talde batean?

Soraluzen ondo eta SoraGazteak Klubean ere ondo ikusten dut nire burua. 

Zein posiziotan jokatzen duzu?

Momentuz ez daukat jokorako posiziorik baina esan didate 14 urtez azpiko taldean pilier izango naizela. 

Zer da gehien gustatzen zaizuna?

Elkarren artean dugun konfiantza eta giroa.

Entrenatzera joan-etorriekin-eta, zelan?

Ondo moldatzen gara. Gustura gaude hemen. 

Errugbian noraino nahiko zenuke iritsi? Akaso izena eta ibilbide luzea daukan Eibar Rugbyra bueltatu nahiko zenuke?

Ez, nik Frantziako talde onenean, Aviron Bayonnais taldean jokatu nahiko nuke. Telebistan ikusi izan ditut haien partidak.

Profesional modura?

Bai, profesional izan nahiko nuke. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.