Uztailean hasi ziren Kooperatibaren itxura zaharberritzeko lanak. Ordaintzeko kutxak lekuz aldatu, saltokia margotu, iruditegia berritu, produktuak berrantolatu, Coaliment markakoak lehenetsi eta beherapendunak gehiago bistaratu dituzte. Horrekin batera, langileek lanerako jantzia estreinatu dute eta langile berria ere hartu dute, ordezkapenak egiteko.
Apurka-apurka joan dira aldaketa horiek eginez eta gaurko inauguraziotxoaren bitartez, bukatutzat eman dituzte lanok.
"Azken aukera"
Joan den apirilean jakinarazi zuten Kooperatiba Elkarteko Batzordeak “oso gaizki” zihoala saltokia, salmentetan jaitsiera atzeman zutela eta galera ekonomikoak zituztela.
Maiatzean, beste batzar bat egin zuten bazkideekin; bertan, proposatu zuten Kooperatiba Elkartea Coaliment (HD Covalco) taldeko kide egitea, Kooperatibak aurrera egiteko “azken aukera” modura. Bozketa bitartez, bazkideen gehiengoak onartu egin zuen proposamena.
Trukean, Co-Alimentek inbertsioa egin du Kooperatibaren itxura berritzeko eta Kooperatibak, berriz, Coaliment markako produktuak jarri ditu saltokiko lehen lerroan.