Kooperatiba "oso gaizki" doa

Ubane Madera Zangitu 2023ko api. 28a, 10:17
Koorperatibako ordezkariak.

Eguaztenean, Soraluze Kooperatiba Elkarteak urteko batzarra egin zuen Herriko Antzokian eta oso albiste txarrak partekatu zituen bazkideekin. Aditzera eman zuten 2022a galerekin bukatu dutela, salmentak asko jaitsi direla, 2023ko lehen hiruhilekoa ildo beretik hasi dela, eta, beraz, egoera aldatu ezean, etorkizun beltza ikusten diotela Kooperatibari. Batzarrean izan ziren bazkideei eskatu zieten laguntasuna.

Herenegun, Kooperatibako 60 bat bazkide elkartu zen Herriko Antzokian, Soraluze Kooperatiba Elkartearen urteko batzarrean. Bertako batzordeko hiru kide berritzeko bozketaz aparte, batzar monografikoa izan zen: kooperatibaren egoera.

Salmentak behera

Kooperatibako ordezkariek jakinarazi zutenez, oso gaizki doa kooperatiba. 2022a galera handiekin bukatu zuten. Xehetasunen arabera, iazko lehen lau hilabeteak oso baxuak izan ziren, gero apur bat hobetu zen egoera baina azaroaren erdialdean Eroski zabaldu zutenetik, salmentak izugarri jaitsi zaizkie. 

Gaineratutakoaren arabera, 2023ko lehen zatia egoera berarekin hasi dute, bestela esanda, salmentak oso behetik. Hori horrela, egoera aldatu ezean edo irtenbiderik topatu ezean, etorkizun beltza ikusten diote kooperatibari. Ez dute baztertzen saltokia itxi beharra, “edo Kooperatiba beste zerbait” bilakatzea.

Esandakoaren arabera, eurak hasi dira beste hornitzaile batzuk aztertzen; aurten, berriz, bi langile bajan dira eta bakarra kontratatu dute, eta, aurrera begira ere, ez dute aukerarik ikusten besterik kontratatzeko. 

"Inork ez digu esaten nola"

Gehitu zutenez, Konfekoop-eko (Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa) adituekin ere izan ziren eta haiek esandakoaren arabera aurrera egiteko modu bakarra da “gehiago saltzea eta gutxiago gastatzea”. Beraz, salmentak igotzea, horixe da ikusten duten irtenbide bakarra, “baina inork ez digu esaten nola”, adierazi zuten.

Egoera horren aurrean, antzokian izan ziren bazkideei zuzenean eskatu zieten iritzia eta egoerari buelta emateko ideiak ere bai. 

"Herrian erostea"

Labur esanda, bertaratutako batek baino gehiagok azpimarratu zuen argi dagoela irtenbidea: herrian erostea eta herritarrak horrekin kontzientziatzea. “Pandemian guztiok ikusi genuen herrian erosi ezkero, saltokiek asko irabazten dutela, ba hori egin behar da”, esan zuen batek. 

“60 urtetik gorako 1.000 herritar-edo bizi gara hemen. Ikusten duzue zuen burua 80 urterekin Eibarrera joaten erostera? Hori ez gertatzeko, hemen erosi behar dugu, gazteek akaso online erosten dute edo ez dute astirik, baina nagusiek, zer? Eroski kate handi bat da eta gaizki badoa, hemendik 10 urtera itxi egin dezake”, ohartarazi zuen beste batek, adibidez.

Zergatik baimena Eroskiri?

Hirugarren batek, berriz, herriko politikariak interpelatu zituen zuzenean, galdeginez ea zer dela-eta zabaldu dizkioten ateak Eroski bati. “Gureak-ekin daukalako hitzarmena?”, bota zuen airera. Azpimarratu zuen berak ez zuela herriko politikariak Eroskiri buruz duten iritziaz ezer esaten entzun.

Marketina, ordutegiak…

Bestelako proposamenen artean, berriz, salmentak handitzeko marketin estrategiak lantzea ere proposatu zen, kooperatibako produktuak ahalik eta gehien ezagutzera emateko Instagram erabiltzea (batik bat, gazteek sare sozial hori erabiltzen dutelako), beheko solairuan jartzea Kooperatiban saltzen diren jantzien-eta erakusleihotxoren bat eta proposatu zen besteak beste, saltokiaren egungo ordutegiei bueltaren bat ematea. Azken hori gauzatzeko, baina, langile gehiago beharko lituzketela esan zuten Kooperatibako ordezkariek.