Kooperatiba hasi da itxura berritzen

Ubane Madera Zangitu 2023ko uzt. 19a, 10:35

Kooperatiban, egokitzapenak egiten ari dira saltokiaren itxura berritzeko. Aste honetan, ordaintzeko kutxak lekuz aldatu dituzte, saltokia margotu dute eta hainbat produktu sarrerako solairuko apaletan ipini dituzte ikusgarritasun handiagoa emateko. Co-Aliment (HD Covalco) taldearekin egindako hitzarmenak ekarri dituen aldaketetako batzuk dira horiek.

Kooperatibako langileen aurreikuspena zen egiten ari diren  aldaketa horiek egiteko saltokia itxi egin behar izatea, baina azkenean, saltokia zabalik dela egiten ari dira berrikuntzak.

Dendara sartu eta berehala ikusten dira aldaketak. Izan ere, ordaintzeko kutxak lekuz aldatu eta paretaren kontra ipini dituzte. Orain, ematen du apalak atzerago hasten direla, baina lehenagoko leku berberetan daude.

Kutxekin segituz, beste aldaketetako bat izango da aurrerantzean goiko kutxetan pisatuko dituztela beheko solairuko frutak eta barazkiak.

Margotu, berrantolatu...

Osterantzean, sarrerako pertxen banaketa ere berregokitu egin dute, kutxen aldaketak eraginda. Saltokia zuriz margotu dute, apalak Co-Aliment markako produktuz hornitzen ari dira, eta, datozen egunotan, bestelako egokitzapen txiki batzuk egingo dituztela esan dute. Dena den, orain arte moduan, aldaketa guztiak saltokia itxi barik egingo dituzte.