Atzo, eguaztena, Herriko Antzokia herritarrez bete egin zen, Soraluze Kooperatiba Elkarteak deitutako ez-ohiko batzar deialdiari erantzunez. Saltokiko bazkideak gehi bertako langileak elkartu ziren aretoan, 100 bat lagun.
Haien aurrean, batzorde osatu-berriko ordezkariek ez-ohiko batzarraren arrazoia azaldu zuten. Jose Luis Sanchez presidenteak eta Ainhoa Ibarzabal idazkariak saltokiaren egoera ekonomiko txarra gogora ekarri ondoren, kooperatibako batzordeak landutako proposamena aurkeztu zieten bazkideei: Co-Aliment (HD Covalco) taldeko kide izatea.
Trukean, Co-Alimentek inbertsioa egingo du Kooperatibaren itxura berritzeko eta Kooperatibak, berriz, Co-Aliment markako produktuak jarriko ditu saltokiko lehen lerroan.
Bestela, itxi egin behar
Sanchezek eta Ibarzabalek esplikatu zutenez, urteak daramatzate Co-Aliment taldearekin lan egiten, “oso prezio konpetitiboak” dituzte, horrek “herrian dagoen egoerari erantzuteaz” aparte, “Eroskirekin lehiatzeko aukera” emango lieke eta aztertutakoen artean, aukerarik onena da berau. Are gehiago, jakinarazi zuten proposamen hori zela “azken aukera” eta berau onartu ezean, udan itxi egin beharko zutela Kooperatiba.
Segidan, bazkideei galdetu zieten ea proposamena onartzen zuten, esanez, taldeak hilabeteko epea eman diela erantzuna emateko eta azpimarratuz, proposamena orduantxe onartuz gero, ekainaren amaierarako edo uztailaren hasierarako gertu izango litzatekeela Kooperatiba itxura berrituarekin.
Orduantxe etorri ziren aretoan elkartu ziren hainbat herritarren galderak. Haiei erantzunez, berriz, Kooperatibako ordezkariek proposamenaren xehetasunak helarazi zituzten.
Bost urterako kontratua
Adibidez, jakinarazi zuten Co-Alimentekin sinatuko duten kontratua bost urterako izango dela. Eta hitzarmen horrek ez duela eraginik izango saltokiaren gestioan, horrekin Kooperatiba arduratuko dela, orain arte moduan. Halaber, adierazi zuten kontratu horrek ez duela eragingo, ezta ere, Kooperatibako bazkideengan eta Kooperatiba ez dela frankizia bat izango.
Jakinarazi zuten, baita ere, Co-Alimentek egingo duen inbertsioa 30.000-40.000 euro ingurukoa izango dela. Horrekin, kartelak aldatu, argiteria berritu eta besteak beste, hari musikala jarriko dutela, bozgorailuetatik saltokiaren eskaintzak egiteko, “Eroskik, Diak, Lidle-ek… egiten duten moduan”.
Esplikatu zuten, baita ere, aurrerantzean, Kooperatiban orain arteko produktuak salduko dituztela baina Co-Aliment markakoak lehen lerroan ipiniko dituztela eta lehentasuna izango dutela haiek. Bestak beste, Kooperatibak salmenta bakoitzeko komisioa eskuratuko du. Beraz, Kooperatibako bazkideek bertan erosteko eskaera berretsi eta horren garrantzia azpimarratu zuten.
"Hilabeteak gaia lantzen"
Jakinarazi zuten, baita ere, ezaguna dutela Co-Aliment, urteak daramatzatela eurekin lanean eta kataluniarrak direla. Eta gaineratu zuten “hilabeteak” daramatzatela atzo mahai-gaineratutako proposamena lantzen eta Co-Alimenteko adituak ibilita daudela Eroskin eta antzerako supermerkatuetan azterketak egiten eta “aukerak” ikusten dituztela Kooperatibak aurrera egin dezan.
Osterantzean, herritarren beste galdera batzuei erantzunez, jakinarazi zuten, adibidez, orain bi urteko jarduna irabaziekin amaitu zutela. Saltokiko lantaldeari buruz, berriz, esan zuten laster Mila Moro erretiratu egingo dela, haren lanpostua Lara Ballesterosek beteko duela eta Isa ere laster erretiratuko dela eta haren ordez, berriz, ez dutela langile berririk hartuko. Beraz, Kooperatibak langile bat gutxiagorekin egingo dio aurre ibilbide berriari.
Ordutegiak luzatzea
Bestalde, ordutegiak luzatzeko aukera ere mahai-gaineratu zuten hainbat herritarrek. Proposamenetako bat izan zen goizean apur bat beranduago zabaldu eta eguerdiko ordutegia luzatzea, batik bat, lanean diharduten asko ez direlako iristen Kooperatibara saltokia orain 13:00etan ixten dutelako. Beste proposamen bat izan zen, asteburuko erosketei begira, astean behin edo birritan arratsaldeko ordutegia 20:30ak arte luzatzea.
Proposamenei erantzunez, Ibarzabalek adierazi zuen, besteak beste, ordutegiak luzatu ahal izateko, langile gehiago beharko lituzketela eta orain Kooperatiban ez dagoela horretarako dirurik. Dena den, gaineratu zuen proposamenak jasota geratzen direla eta kontuan hartuko dituztela, “batik bat, kooperatibak diru gehiago duenean, jendea kontratatu ahal izateko”.
Ildo horretan, berretsi egin zuen Kooperatibaren helburua dela salmentak handitzea eta horretarako, esan zuen bazkideek “apurtxo bat” gehiago erosi beharko luketela bertan.
Txalo artean
Atzo mahai-gaineratu zen beste proposamenetako/galderetako bat izan zen ea ez den biderik ikusten, bati bat, gazteei begira, Internetez erosketak egiteko aukera emateko. Horri buruz esan zuten “aztertuko” dutela gaia eta “buelta bat” emango diotela, jakitun direla gaur egun sare sozialek duten garrantziaz.
Behin mahai-gaineratutako zalantzak erantzunda, berriro ere galdetu zuten ea proposamena onartzen zen. Inork ez zuen kontrakotasunik erakutsi, beraz, onartu egin zen eta txalo artean bukatu zen batzarra.