Turistak Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 18a, 10:11

Albert eta Noemi (erdian) Soraluzen aurkitu zituzten "gidari" boluntarioekin, atzo, domeka.

Aste Santuan Euskal Herria turistaz beteta egon dela erakutsi dute komunikabideek. Bada, Soraluzera ere ailegatu dira. Atzo, domeka, Tarragonako bikote bat izan bertan, Patria telesaileko lokalizazioak bertatik bertara ikusten.

Albert eta Noemi kataluniarrak Soraluzen izan ziren atzo. Noemi Castellvell del Camp-ekoa da, baina ama eta haren familia Donostia-Oiartzungoa du. Kontatu duenez, Euskal Herrian bai, baina gurea moduko herri txikietan egon barik zegoen orain arte.

Baina, Soraluzen grabatu zen Patria telesaila ikusi ondoren, Soraluzera etorri eta kalerik kale ibili ziren atzo bera eta Reuseko Albert. Parean tokatu ziren soraluzetarrek eman zizkieten herriari buruz eta telesailaren grabaketei buruzko azalpenak. Kontatu zuten, adibidez, erdiguneko kaleak gorriak zirela ikustean, zalantza izan zutela telesailean azaltzen den beltz kolorea benetakoa edo faltsua zen.