Zer moduz aurre-aurreko estreinaldia?
Momentu nahiko hunkigarria izan zen. Horrenbeste hilabeteko lanaren ondoren, egiten gabiltzana erakusteko gogotsu geunden. Bai aktoreek zein HBOko arduradunek eta nik neuk ere asko gozatu genuen harrerarekin, ezinhobea izan zen. Eta gainera nire hirian!
Zer erakutsi zenuten? Oker ez banaiz, hilketaren eta torturen unea erakutsi ziren…
Bost bideo izan ziren. Lehenengo eta behin, telesailaren izpiritua laburbiltzen duten bi bideo erakutsi ziren. Haietan erakusten da besteen saminarekiko axolagabekeria. Batean ikusten da emakumezko bat erail berri duten senarraren gorpuaren aurrean belaunikatuta, eta inor ez doa laguntzera. Bestean ikusten da biluzik dagoen gazte bat gela batean, eta zela haren torturatzaileek atseden hartzen duten gazteari begiratu ere egin barik. Horrekin batera making-of-aren gaineko bideo bi ere proiektatu genituen. Batean ikusten da zelako makillaje eta ile-apaintzaile lan izugarrizkoa egin den, aktoreek ia hiru hamarkadako denbora saltoa irudikatu zezaten. Eta bestean erakutsi zen Donostiako Boulevarraren transformazioa, 80ko hamarkadaren amaierako manifestazioa irudikatu ahal izateko. Azkenik telesailaren trailer luzea ere erakutsi zen.
Ikusleek zela erreakzionatu zuten?
Aretoa lepo zegoen, eta txalo asko izan ziren, baina batez ere emozio handia. Inor ez zuen axolagabe laga.
Badakit Soraluze aipatu zenuela aurkezpenean. Zer dela eta?
Eskerrak emateko, noski. Grabazioak iraun duen aste guztietan oso babestuta sentitu gara Soraluzen, baita Elgoibarren ere. Errodaje bat beti da gogaikarria eta badakigu kale mozketekin-eta eragozpenak sortzen ditugula, baina Soraluzen oso ondo tratatu eta errespetatu gaituzte, eta esan egin behar nuen.