Bihar, 06:00etarako erretiratuta egon behar dute ibilgailuek Erregetxeko fondotik, azoka plazatik gertuen dagoen auto-ilara libre laga behar da-eta. Gauza bera egin beharko da Txurrukenen, lehen zenbakitik 7. zenbakira bitarteko ibilgailuekin. Hain zuzen, bihar barikua, Soraluze sarrera inguruan ibili behar dira grabatzen, Carmelo Mendizabalenean.
Datorren asteari dagokionez, berriz, Zubi Nagusian, udaletxe aurrean eta Karakaten grabatuko dute. Besteak beste, bada, errodajeko kamioiak Plaza Zaharrean izango dira aste osoan, eta aurreratu dute catering-a frontoian ipiniko dutela. Bestalde, Ezoziko Futbol Zelaian izango dute sukalde-kamioia.
Eskolakoak bisitan
Joan den astean ikusmira handia eragin zuten herrian, bereziki, herritarren eta udalerriko lekuen karakterizazioekin, euren makinaria erraldoi guztirekin eta batik bat, barikuko grabazioarekin. Foku erraldoiez lagunduta, ibai bazterra guztiz argiztatu zuten. Izan ere, iluntzean hasita, goizeko ordu txikiak arte jardun zuten grabazioak egiten. Ohi duten moduan, 12-14 bat orduko lan-jarduna egin zuten.
Joan den astean, gainera, herritar eta bisitari askok (Zumarragatik, Eibartik, Arrasatetik…) egin zituzten figurante lanak; eta errodajekoek Plaentxi Herri Ikastetxekoen bisita ere izan zuten, 4. mailakoena, hain justu, zinemarekin lotutako proiektua lantzen dihardute-eta ikastetxean.