Iñaki Ruizen lagunek kontatutakoaren arabera, hura hil zenetik (orain dela zazpi urteko otsailean) urtero elkartzen dira Gorbeian. “Apirila-maiatzean igotzen gara, lehen urtean otsailean igo ginen, baina bestela apirilean-maiatzean. Gipuzkoatik (Soraluzetik ere), Bizkaitik eta Arabatik igo eta Gorbeian elkartzen gara. Han Iñakiren omenezko pankarta zabaltzen dugu. Gaur, adibidez, Otxandiotik lau lagun etorri gara hona, Amaiari laguntzera”.
Esandako moduan, baina, San Andresen gaur kirolzale ugari elkartu da. Goizean goiz korrikalariak, berotze ariketak eta bestelako prestaketak egitera. Geroxeago ikusle gehienak. Ikustekoa izan da, baita ere, lasterketaren amaieran zela iritsi diren korrikalarietako batzuk, izerditan blai, eta arnasa hartu ezinda.