Ibilbidea asko gustatu zaie Kortazarri, Aragoni eta Jacasi

Ubane Madera 2018ko uzt. 8a, 16:17
Oihana Kortazar, Mari Cruz Aragon Aitziber Urkiola, podiumean.

Oihana Kortazarrek irabazi du lasterketa emakumezkoen mailan. Gogorra da elgetarra, eta mutilak erreferente hartuta ibili da mendian gora eta behera. Argedasekoa da, berriz, helmugaratu den bigarrena: Mari Cruz Aragon. Izugarri gustatu zaio ibilbidea. Eta Cris Jacas izan da parte hartu duen Soraluzeko emakumezko bakarra. Gogorra egin zaio, baina gustura geratu da emaitzarekin. (Elkarrizketa hirurekin). 

Emakumezko lasterkarien artean norbait erreferentziala baldin bada, Oihana Kortazar da hura. Gaur Soraluzeko lasterketan parte hartu du lehen aldiz, eta berak eskuratu du garaipena. Oso pozik dago emaitzarekin: 

Zelakoa izan da lasterketa?

Polita, bizkorra, eta bizkortasun horren barruan gogorra egiten da. Erritmoa azkarra da eta mendian aldapa gora luzeak direnean, horiek atsedenaldi txikia ematen didate, ze oinez joan behar zaren arren, erritmoa jaisten duzu eta atsedentxoa ematen dit; baina hemen, oinez egiteko aldapa oso gutxi zeuden, Gainera, atzo beste lasterketa bat egin nuen eta freska-freska ez nengoen, baina niretzat, entrenamendu moduan hartzeko, lesioaren ondoren orain lehiatzen hasi naizenez, primeran etortzen zaizkit horrelako lasterketak. Eta asko gustatu zait.

Pozik emaitzarekin?

Bai. Beti gustatzen zait ondoan eramaten ditudan mutilak hartzea erreferentzia modura. Eta mantenu naiz denbora guztian bi-hiru mutil berdinekin eta pozik.

Zure erreferente mutilak dira, hortaz?

Ba segun eta ze lasterketa den, bai.

Lokatza zegoela esan dute batzuk…

Apur bat bai, baina sikatzeko denbora ere eman dio, eta ez zuen asko eragozten hemen, ez zegon horren bigun. Gaur Karakatetik behera joan naiz aldaparekin arretan, orkatilarengatik. Fortzatu barik joan naiz, trankil, nuen bentajaz aprobetxatzen, eta gero ja pista zabaldu denean korrika egiteko aukera izan denean, ba aurrera egin dut.

Besterik nahi baduzu gaineratu…

Zorionak antolakuntzari; giro ederra dute hemen. Oso ondo antolatuta dago. Bestalde, Euskal Herrian eguraldi onarekin ohi denez, jende ugari zegoen mendian mendi buelta emanez eta asko animatu dute. Eta oso gustura ibili naiz, bai.

Datorren urtean errepikatuko duzu?

Ba igual bai. Mutrikun bizi naiz, nahiz eta elgetarra izan. Beraz, batetik edo bestetik etorri, bertan-bertan daukat eta entrenatzeko perfektua den lasterketa da niretzat, bai.

Mari Cruz Aragon, bigarrena: 

Mari Cruz Aragon nafarra da. Argedasekoa da. Baina gaur Urretxutik etorri da Soraluzera. Lehen aldiz parte hartu du lasterketan, eta asko gustatu zaio: 

Ze iruditu zaizu lasterketa?

Oso polita izan da, baina oso bizkorra. Hala ere, asko gustatu zait, paisaia asko-asko gustatu zait. 

Etorri zaren lehen aldia, eta bigarren egin duzu… pozik?

Bai horrela da. Ezustean harrapatu nau. Oso pozik nago, bai!

Lokatza zegoela komentatu dute…

Ez asko. Ibilbidea gainera, oso ondo garbituta zegoen. Nik eragozpen bakarra izan dut, hiru bider geratu behar izan naiz, bidegurutzeetan galdu egin naizelako. Berez, oso despistatua ere banaiz.

Argedas lekutan dago…

Bai. Baina Urretxutik etorri naiz. Familia daukat, haiek bisitatu eta bertan egin dugu lo. Eta gaur Soraluzera.

Mendiko lasterketak egiten dituzu?

Bueno, denetik apur bat: bizikleta, triatloiak, neguan eskiatu… denetariko ikaslea naiz, eta ezeren irakasle (barre). 

 

Cris Jacas izan da parte hartu duen Soraluzeko emakume bakarra; lehen aldiz parte hartu ere. Datorren urtean errepikatu egingo du, “hobeto entrenatuta”, dio:

Zer moduz?

Ondo, baina bero handia. Hasieran jendearekin joan naiz, baina gero bakarrik, eta bakarrik nire erritmora hobeto.

Hobeto?

Bai. Ze oso azkar hasi naiz, jendeari jarraitzen. Baina gero hobeto ibili naiz.

Lehen aldiz parte hartu duzu, ze iruditu zaizu?

Oso polita da, mendi-gainetik… 

Datorren urtean errepikatuko duzu?

Ahal badut bai. Hobeto entrenatzen, ze ondo entrenatu behar da honetarako. Ni orokorrean kirolaria naiz, eta honetarako bereziki entrenatu behar da. 

Baina pozik?

Bai. Ze nire helburua zen helmugara iristea, heldu naiz. Eta pozik nago. Nire helburua zen asko jota 2:30 egitea eta hortxe ibili naiz, beraz, pozik.