Juan Rodriguez, Ander Nafarrate eta Ander de Luis, hirurak ere gustura gaurko lasterketarekin

Ubane Madera 2018ko uzt. 8a, 15:18
Gizonezkoen podiuma: Juan Rodriguez, Ander Nafarrate eta Ander de Luis.

Ordubete pasako bidaia egin ondoren irabazi du lasterketa Juan Rodriguezek, Miranda Ebrotik etorri da-eta; Ander Nafarrate bigarrenarendako oso korrikalari bizkorra da hura, eta iaz baino zailago ipini badio-ere, erorikoa tarteko, bigarren sartu da helmugan. Ander de Luisek, berriz, herritarrek eta lagunek eman diote indarra hirugarren helmugaratzeko. Horrelaxe kontatu diote Plaentxia.eus atariari. 

Juan Rodriguez

Gaztea da lasterketaren irabazlea, 20 urte besterik ez ditu. Miranda Ebrotik etorri da.  

Zela joan zaizu lasterketa?

Aurten lasterketa iazkoa baino zailagoa izan da, bigarrenarekiko alde txikiagoa izan dudalako eta lurra ere zailago zegoelako, lokatza gehiagorekin.

Bestela, errazago egin zaizu ezagunago izateagatik?

Bai, argi dago halako lasterketak ezagutzea aldeko dela, igoera eta jaitsiera asko ditu eta jakin egin behar da indarrak gordetzen eta noiz gorde. Natorren laugarren urtea izan da.

Beroarekin zela moldatu zara?

Hori gehiago sufritu dute atzerago sartu direnek, ze guk, lasterketaren lehen zatian tenperatura ona izan dugu, euri langarra ere izan dugu punturen batean. Bigarren zatian bai egin du bero handiagoa.

Mirandatik ze ordutan irten zara?

08:00ak baino apurtxo bat lehenago. Ordubete pasa dugu, ez da horrenbeste.

Baina hori handicap-a da zuentzat…

Bai, hor dago, baina ez da arazo handia.

Mendi lasterketa zale handia zara?

Bai hemen eta Gaztela-Leonen praktikatzen dudan kirola da. Oso gustuko dut.

20 urterekin bigarren urtez irabazi duzu Soraluzeko mendi lasterketa hau…

Bai. Gustuko dudan lasterketa da eta espero dut datorren urtean ere bueltatzea.

Ze iruditzen zaizu lasterketa bera?

Oso ondo antolatuta dagoela. Ibilbidea oso gustuko dut, horregatik nator urtero, eta antolatzaileei eta mendian egon diren boluntario guztiei eskerrak helarazi nahiko nizkieke, eurak barik lasterketa ez litzatekeelako posible izango. 

 

Ander Nafarrate arrasatearra izan da, berriz, bigarrena:

Zela joan da lasterketa?

Ondo. Oso azkarra da lasterketa. Hasieran desnibela dauka, baina gero korrika egiteko lasterketa da. Juan, lehena, oso azkar dabil, beherantz zein lauan; ni gorantz hobeto nabil, baina beherantz, Juanek koloreak ateratzen dizkit. 

Lokatza ere bazela esan dute…

Bai, iaz baino gehiago. Baina ondo.

Iaz ere podiuma egin zenuen…

Bai. Aurten apur bat zailago ipini diot lehenengoari. Baina oso-oso azkarra da bera. Karakateraino 10-15 segundotara geunden, baina beherantz jausi eta guzti egin naiz; eta edozein modutan, bera (Juan) oso-oso bizkorra da. 

Lasterketa bera ze iruditzen zaizu?

Polita da. Arrasatetik natorren bigarren aldia da.

 

Ander de Luis soraluzetarra izan da helmugan sartzen hirugarrena, herrikideen txalo artean sartu ere; ibuprofenoa hartuta egin du lasterketa, astean gaixo egon delako:

 

Zela joan zaizu lasterketa?

Oso-oso pozik nago. Baina, bero handia egin du. Goizago hasi beharko litzatekeela uste dut nik, botaka eta guzti egin dut ibilbidean.

Ibilbide gogorra da, hortaz?

Lokatza espero nuen, adibidez, barikuan etorri nintzen eta hori espero nuen. Eta nire herria da, eta jendeak asko animatzen du, eurengatik ez balitz gaur 5-6. egingo nuke. 

Zer egin zaizu bereziki nekeza?

Kilometro asko ditudala hanketan. Denboraldiko azken lasterketa zen, eta igarri egiten da. Nik, gainera, lasterketa motzagoak egiten ditut, eta 21 kilometroko ibilbidea igarri egiten da. Baina esandako moduan, jendea zoragarri egon da, eta eurek eraman naute, eurek eman didate bultzada.

Ba jendeak eramateko, hirugarren iristea ez dago batere gaizki…

Ez, ez. Baina benetan, indar handia ematen du jende ezaguna ikusteak animatzen, eta hori asko eskertzekoa da. Nik animatuko nuke Soraluzeko jende gehiago lasterketa egitera. Ea datorren urtean lasterketa motzagoa ere antolatzen duten jende gehiago animatzeko, ze hau egiteko oso prestatuta egon behar duzu.