Debemeneko traktorea hormigoizko mendi-bideak garbitzen dabil jo eta ke, elurrari aurre egiteko protokoloaren arabera, hormigoizko bideak dira-eta Soraluzeko Udalaren eskumenekoak. “Aurreikuspenak kontuan hartuta, atzo jarri ginen Debemenekin harremanetan, traktoreari pala ipini eta Soraluzera ere etor zedin eskatzeko”, esplikatu du Iker Aldazabal alkateak.
Bestela esanda, aktibatuta dago Soraluzen elurrari aurre egiteko protokoloa. Horren baitan, hormigoizko bideak garbitzeaz aparte, besteak beste, eta Ezozitik horrela eskatuta, gatz zakuak laga ditu Udalak ermita ondoan, baserritarren eskura. “Beste eskaerarik balego, gertu gaude”, azpimarratu du Aldazabalek.
Diputazioaren eskumenekoak
Gainontzeko mendi-bideak, asfaltozkoak berriz, Gipuzkoako Diputazioaren ardurpekoak dira: Gi-3651 (Txurrukara bidea), Gi-3652 (San Andresera bidea) eta Gi-3653 (Ezozira bidea) errepideak, alegia.
Eta osterantzean, Zeletako ur-biltegiko lur-jausiaz aparte, oraingoz ez da bestelako gertakaririk izan eguraldiak eraginda.