Negu bete-beteko giroa

Erabiltzailearen aurpegia plaentxiaMET 2017ko aza. 30a, 18:21

Azken egunotako eguraldi hotz eta ezegonkorrarekin jarraituko dugu asteburuan. Barixaku eta zapatuan herritik oso gertu botako du elurra, inguruko mendiak dexente zurituz; herrian bertan ere bota lezake zerbait. Domekan, atertzera egingo duen arren, giro hotzak jarraituko du.

Astebururako iragarpena

Barixakua: Ipar haizeak ahul joko badu ere, hotz galanta egingo du. Gainera, fronte batek prezipitazio ugari ekarriko digu, konbinazioak elurra ekarriz oso kota baxuetara. Ezin da baztertu goiz partean herrian bertan ere botatzea. Tenperatura 0-5ºC artean ibiliko da.

Zapatua: Egunaren lehenengo zatia aurreko egunaren parekoa izango da, arratsaldean atertzera eginez. Tenperaturari dagokionez aldaketarik ez.

Domeka: Domekan ateri eustea espero da, hodeitsu egongo bada ere. Ordu txikitan ostarteak zabal litezke eta izotza bota. Tenperatura altuenak zertxobait egingo du gora.

Negu honetako lehen enbitea negu meteorologikoa bera hasi baino lehenago heldu da aurten.Ipar latitudeetatik helduriko aire masa hotz eta ezegonkorra ekarri digu atlantikoan sendotu den antzikikloiaren eta europa mendebaldea hartu duen depresioaren artean gurera bidalitako ipar haizeak.

Datorren asterako eboluzioa

Domekatik bertatik aurrera antizikloiak hurbiltzeko bidea hartuko du, datorren asteko lehen erdiko eguraldia egonkortuz. Hala ere, aire masa hotzak ez du guztiz alde egingo eta hotzarekin jarraituko dugu, goizetan izotz kontuak izan ditzakegularik. Aurrerago eguraldiak berriz iparreko haizearekin ezegonkortzeko joera hartuko duela dirudi, baina asko falta da oraindik zehazki gurean nola eragingo duen aurresateko.

Egilea: Miguel Borinaga. Soraluzetarra, fisikaria eta meteorologia zalea.

Iturriak: AEMET, Euskalmet,wetterzentrale.de/topkarten, meteociel.fr ; GFS, HIRLAM, ECMWF eredu numerikoak.