Haimak ere baliatuko dituzte, Erregetxeko babespea handitzeko

Ubane Madera 2017ko aza. 10a, 11:13

Azokarako azpiegiturak muntatzen.

Bihar, zapatua, euria egin lezakeela aurreikusita, baserritarrendako saltokiek duten babesaz aparte, haimak ipiniko dituzte Erregetxean, besteak beste, bertan egingo den omenaldia eta dantza-saioa babesteko. Herri-bazkaria, berriz, Plaza Zaharreko karpapean egingo da. 130 bat lagun elkartuko dira bertan.

Biharko egunak euritarako joera izango duela diote eguraldi adituek, tarteka bada ere. Euskalmeten arabera, bereziki goizean egingo du, gainera: “Kantauri isurialdean egingo du euri gehien, bereziki ekialdean. Hegoaldean, eta arratsaldean mendebaldean ere bai, ostarte batzuk zabalduko dira”, diote.

Karpa eta haimak

Bada, aurreikuspenak abiapuntu eta kalean egingo diren ekitaldiak sikiera apur bat babesteko, haimak ipiniko dituzte Erregetxean. Gogoan izan 12:30ean egingo zaiela baserritarrei omenaldia, Erregetxean muntatutako taula baliatuta, eta haren bueltan egingo dutela Soraluzeko Urrats Dantza taldeko gazteenek euren saioa.

Bestalde, Pil-pilean Euskara Elkarteak antolatutako herri bazkaria Plaza Zaharreko karparen babespean egingo dute; 15:00etan hasiko da berau, eta zela ez, baba-jana egingo dute.