Gaztañerre azoka oparo dator

Ubane Madera 2017ko aza. 7a, 15:50

Iazko Gaztañerre azoka.

Gaztañerre azokarako izen-ematea itxita, iaz baino bi baserritar gehiagok eramango dituzte bertako produktuak Erregetxera. Guztira, bada, 10 baserritar postu izango dira; 14 artisau postu, 13 baserritako animaliak eta hori guztia osatzen, zela ez, dantzariak, bertsolariak, talo  eta beste.

Gaztañerre azokan goizean goiz kaleratuko dira baserritarrak, Erregetxearen bueltako postuetan produktuak eta animaliak txukun eta dotore ipini, eta 09:00etarako guztia gertu izateko. 14:00ak ingurura bitartean eskainiko dute uda-udazken siku honek utzitako uzta, “siku joan arren, uzta ona”, izaten ari dena, euren esanetan. Lurrak emandakoa osatzeko eramango dituzte etxean egindako ogiak eta gozoak, erakargarri askoak. Beraz, oparo erakutsiko dituzte saltokiak.

Baserrietako uzta

Honako baserrietako produktuak bertaratuko dituzte: Lezarri, Arizaga, Obe, Goenetxetxo, David Elizburu, Untzeta Erdikoa, Azalia, Egotza, Arteaga eta Osuma Gain. Kopuruari begiratuta, iaz baino bi baserritar gehiago izango dira: Osuma-Gaineko Oihana Laskurain eta Azaliako Dabid Peñalba.

Pottokak, astoak, idiak...

Ganaduzaleek, berriz, etxe bakoitzetik hiruna behi, eta baleude, txahalak bertaratuko dituzte. Erregetxearen fondoan kokatuko dira, honako baserrietako animaliak: Osuma-Gain, Obe, Arizaga, Arritxa, Iribe,  Barrenetxe, Iriarte Gain, Barrenetxe, Iraola Etxeberri,  Untzeta Erdikoa, Ezenarro anaiak eta Leire Elizburu. Ganaduarekin batera izango dira, baita ere pottokak, astoak, idiak, hegaztiak, untxiak eta beste.

14 artisau

Aritsauei dagokienez, honako esku-langileen lanak izango dira ikusgai eta erosgai: Aitor Amor, Edurne Garate, Arrate Lizarralde, Oitturri Elkartea, Amaia Amor, Maite López, Nuria Muro,  Kristina Albisua, Sara Peñalba, Saadia Nasir, Antxon Fresnedo, Lorea de Castro, Idoia Katxo eta Antxon Fresnedo.

Haiekin batera, eta berritasun modura, aurten Juan Kruz Arizaga Kortak antzinako aroztegiko tresnen erakusketa egingo du.

Bestalde, ohi modura, Pil-pilean Euskara Elkarteak talo-postua ipiniko dute eta Kontrargi taldekoek ere bertaratuko dute euren “uzta” partikularra.

Omenaldia eta beste

Eta Erregetxeko eskaintza osatzen izango dira, besteak beste, 10:00etan Mesedeetako egoitzakoen bisita azokara, 11:00etan txistularien kalejira, eta 12:30ean baserritarrei egingo zaien omenaldia, bertsolarien saioa eta Soraluzeko Urrats dantza taldeko neska-mutikoen dantza-saioa.

Baserritarren omenaldiari dagokionez, aurten bi emakumeri egingo diete aitortza: Begoña Ariznabarreta Aizpiri ( 1930-12-01), Argateburu baserrikoari eta Martina Eguren Atxa ( 1931-04-15) Illordo baserrikoari.

Ondoren, azokan parte hartu duten baserritarren hiru postu onenei sariak emango zaizkie.