Oholak, habeak, trenbide-trabesak, baserri bat eraikitzeko beharrezko egurrezko xafla guztiak… basotik zuzenean ateratzen zituen gizakiak joan den mendearen erdialdera arte. “Zuhaitzak bota, enborrak beharren arabera (gerora emango zitzaion erabileraren arabera) sailkatu eta basoaren desnibela aprobetxatuz, basoan bertan lantzen zuten egurra, eskuz”, esplikatu du Arkaitz Aranak. “Hala izan zen harik eta 50eko-60ko hamarkadan zerra mekanikoak sartu arte”, gaineratu du hark.
Aranatar anaiak
Harrezkero, eskulangintza mota hori desagertuta egon da; baina Soraluzen halako baten erakustaldia egingo dute zapatuan. Zeanuriko aranatar anaiek (Oier, Ibai eta Arkaitz) osatutako Txorokil elkarteak egingo du hori, Soraluzen bizi den Arkaitz Arana bera tarteko dela.
Trontza eta motozerra ere bai
Eguerdi partean izango da. Ateri bada Erregetxean, eta bestela, Plaza Zaharreko karparen babespean. “Asmoa da bi erakustaldi egitea, jendea etorri ahala. Zela zerratzen zen erakusteaz aparte, trontza erakustaldi bat ere egingo dugu eta baita ere, gaur egungo motozerra baliatuta, figuraren bat, aulkiren bat edo antzeko zerbait landuko dugu”, esplikatu du Arkaitz Aranak.