Corne Nuham artista hegoafrikarra 2023an pasatu zen herritik, Arruabarrenaren erakusketa ikustera (ikusi hemen). Orduan ezagutu zuten elkar Alberto Ramirez galeristak eta berak, eta noizbait bere obrak Oreka Art-en ipintzea adostu zuten. Aurten, azaroko erakusketa egitea proposatu zion Ramirezek. Nuham-ek ez zuen onartu bakarrik egin, Soraluzera ekarriko zituen obrak hitzordurako falta ziren bi hilabete eskaseko epe horretan egiteko erronka hartu zuen. Hitza bete eta pasa den barikuan aurkeztu zuen "Gure bidaiak, eskulturak eta pinturak" erakusketa.
Burdinezko eskulturaz bete ditu Gabolatseko aretoko izkina guztiak Nuhamek. Hastapenetan egiten zituen lan denak beste artista batzuen erreplikak zirela kontatu zuen. Gaur egun, teknika ikasita, bururatzen zaion guztia egiteko "ahalmena eta pribilegioa" duela dio. Nagusiki forma organiko eta abstraktuak landu ditu, eta metro erdiko tamainakoak zein bi metro pasakoak aurki daitezke erakusketa honetan. Tamaina ertain-txikietan sortu arren, "eskala handietara eraman eta aire zabalean ipintzeko bisioa" du beti.

Eskultura Orekan eta bere errepresentazio digitala eskala handian.
Horiez gain, tolestutako prisma koadrangular bitxi batzuk ere ekarri ditu, piezak berotuz eta prentsatuz eginak. Begi bistaz "sinpleago" diruditen arren, egiteko "zailenak eta korapilatsuenak" direla dio.
Tolestutako piezaren sortze-prozesua eta akabera Orekan.
Obra nagusiak eskulturak izan arren, pinturak ere zintzilikatu ditu galeriako paretetan. Baina ez dira ohiko koadroak, apropos marraztutakoak, eskulturen sortze-prozesuaren "albo-kalte bat" baizik. Kontatu zuenez, eskulturak egiten duen bakoitzean egurrezko taula bat jartzen du azpian, zorua eta pieza bera babesteko. Prozesuan egindako soldatze, margotze, mozketa... eta bestelako lanek, marka desberdinak lagatzen dituzte taula horretan. Batzuetan, tenperatura altuengatik apurtzera ere ailegatzen da, eta berak "josi" egiten du alanbrearekin. Bukatzean, taula hartu eta marko bat jartzen dio, "akats guzti horiek, prozesuaren kontakizun zintzoa" direlako.

Eskulturen sortze-prozesuko tauletako bat, josita eta artelan bihurtua.
Erakusketa abenduaren 12ra arte egongo da ikusgai Oreka Art galerian, astegunetan, 19:00etatik 20:00etara. Bestela, ibis sakratuaren eskultura edozein momentutan bisitatu daiteke SAPAko eraikin zaharberrituaren kanpoaldean.
