Udako oporren ostean, Juan Manuel Arruabarrena margolari soraluzetarrak izan du Oreka Art aretoa estreinatzeko ardura. Bere hainbat obra berrik zein zaharragok jantzi dituzte galeriaren paretak, "Simbiosis" izeneko erakusketan. Urriaren 4ra arte bisitatu ahal izango da, astegunetan, 19:00etatik 20:00etara bitartean.
Aldatzeko beharra
Hainbeste urteren ostean, irudi berberak sortzeari ez diola "inolako zentzurik ikusten" adierazi du eta, batez ere, azken aldi honetan, "aldatzeko beharra" sumatzen duela.
Horrela, —obra denak abstraktutasunaren barnean garbi kokatuta badaude ere— alde handia dago aretoaren gelatxoetan sakabanatuta dauden lanek transmititzen duten sentsazioen artean: gehienetan erakusketaren iragarpen karteleko mostraren estiloa nagusitzen da (testuren jokoa, iluntasun puntua), baina badira printzipioz Arruabarrenaren ohiko estilotik urrun koka genitzakeen lamina argi eta koloretsuak eta inprobisatzeko joeratik aldentzen diren forma planifikatuagoak dituzten mihiseak ere.
Zentzua "ikusleen begietan"
Obren zentzuaz galdetzean, "erantzuna ikusleen begietan" dagoela dio. Hilabete dute herritarrek aretoa bisitatu, margolanak aztertu eta bakoitzak bere pertzepzio eta sentipenekin obrari zentzua bilatzeko.
Bisita beste egun/orduren batean egin nahi izatekotan, deitu hurrengo zenbakira: 635706690.