Oreka Art Gallery

Txoriaren eskultura piztu zuten atzo

Ander Gomez 2025eko azaroaren 8a

SAPAren kanpoaldean jarritako eskultura inauguratu zuen atzo Corne Nuham artista hegoafrikarrak, burdinezko txoriaren bularreko zuloan sua piztuta. Antzinako Egiptoko ibis sakratua irudikatzen duela kontatu zuen, eta obra "ezin dela ulertu" hura osatzen duen olerkia gabe (albiste barruan irakurgai). Txistulariek girotu zuten aurkezpena eta, bukatzean, Oreka Art galeriara jo zuten bertaratutako guztiek, Nuham-en erakusketa osoa ikustera.

Pasa den asteburuan, ibis bat begiztatu zen aurreneko aldiz Nafarroan, erregistroen arabera Alemaniatik irten zena Afrikarako migrazioan. Egun gutxira, sustrai alemaniarrak dituen Corne Nuham artista hegoafrikarren burdinezko ibisa pausatu zen Soraluzen.

Bideoa: @gallerycornenuham.

Oreka Art galerian jarri berri duen "Gure bidaiak, eskulturak eta pinturak" erakusketaren parte da, eta, 2017an egindako bozeto batzuetan oinarritzen bada ere, azken bi hilabeteetan sortutako lana da: Alberto Ramírez galeristarekin erakusketa hitzartu zuenean, herrira ekarriko zituen lan guztiak epe motz horretan egiteko erronka hartu zuen.  


Ibisaren sortze-prozesua.

Atzoko aurkezpenean kontatu zuenez, eskultura hain da altua bere tailerrean ez zela kabitu ere egiten, eta horizontalean sortu behar izan zuen. Behin SAPAren kanpoaldean jarrita izan du bertikalean eta bere osotasunean ikusteko lehen aukera, eta "harro" eta "herriari benetan eskertua" agertu da bertan ipintzea uztearren.

Segidan, eskulturaren lan osagarria, "Txoria" olerkia:

Elkarrekin, nire hegoekin,
hegan egingo dugu infinituaren amaieraraino.

Eta bakarrik itzuliko zara, zure jatorrira,
zeuk sortutako hegoekin,
gure bidaian lortutako jakituriarekin.

Eta zure jatorrira iristean,
konturatuko zara dena aldatu dela,
atzerritar sentituko zara;
lekuz kanpo...

Eta une horretan,
unibertsoak abentura batera gonbidatuko zaitu
infinituaz haratago,
eta ez duzu zure hegoen beharrik izango.

Bakarrik egindako bidaian
eskuratutako ezagutzak
baliabide ulertezinak eman zizkizun,
eta berriro ere,
izarren argitan,
espedizio batean murgilduko zara,
denboraren amaierara arte iraungo duena.


Ibisaren bularreko zuloan piztutako suak argitu zuen atzoko iluntze euritsua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.