2025a “urterik onenetarikoa” izan da Denis Sorianorendako

Ubane Madera Zangitu 2025ko urr. 2a, 10:52

Borobil bukatu du 2024-2025 arrantza-denboraldia Denis Sorianok. Bikoteka, David Iglesiasekin batera hirugarren postua atera zuen Espainiako VI. txapelketan. Aragoiko Gallego ibaian jokatu zuten txapelketa eta “arrain gutxi” harrapatu bazituzten ere, manga guztietan puntuatu zuten eta horrek eman zien hirugarren postua. Oro har, oso pozik dago Soriano aurten ondutakoarekin, besteak beste, Euskadiko txapeldun izendatu zen eta Espainiako lehiaketan, bosgarren geratu zen banaka, eta hirugarren ekipoka zein bikoteka.

Urtetik urtera potolotzen doa Denis Soriano arrantzalearen palmaresa. Azken sariak joan den astean eskuratu zituen, Aragoin jokatutako Espainiako VI. txapelketan. David Iglesiasekin bikotea osatu eta Gallego ibaian lehiatu ziren Espainiako lurraldeetako bikoteen kontra.

19 amuarrain harrapatu zituzten lehiaketak izan zituen lau mangetan. "Arrain gutxi” Sorianoren esanetan. Baina manga guztietan puntuatu zuen euskal bikoteak eta horri esker lortu zuten sailkapeneko hirugarren postua. Sorianoren esanetan, “gogorra” izan zen lehiaketa, “bero handia” egin baitzuen eta horrek lehiakideengan eragina izan zuen fisikoki.

Aragoiko txapelketarekin, 2025eko denboraldia "borobil" bukatu du Soraluzen bizi den aramaioarrak; bere esanetan, izan duen “urterik onenetarikoa” izan da honakoa. Izan ere, apirilean, Euskadiko txapeldun izendatu zen eta ekainean, hirugarren postua eskuratu zuen Euskadiko Federazioarekin eta bosgarren postua, berriz, banaka, Espainiako txapelketan.

Soriano Tolosako Arrantzaleak klubeko kidea da; esplikatu duenez, Gipuzkoan arrantzako klub gutxi daude, adibidez, Debarroan ez dago bat bera ere.

Erlazionatuak

Denis Soriano Euskadiko txapeldun

Ubane Madera Zangitu api 18 Kirola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.