kirol arrantza

Euskadirekin hirugarren eta Espainiako banakakoan bosgarren

Ubane Madera Zangitu 2025ko eka. 13a, 10:34

Denis Soriano Espainiako bosgarren izatearren eskuratutako aitortzarekin. Argazkiak: Denis Soriano.

Denis Soriano kirol arrantzaleak oso emaitza onak ekarri ditu Gaztela Leonen jokatu berri den Espainiako izokinen LVII Txapelketatik. Selekzio Autonomikoen arteko txapelketan, hirugarren postuan sailkatu da Euskadiko Federazioarekin eta Espainiako banakako modalitatean, berriz, bosgarren postua eskuratu du; horri esker, konpetizio altuko sailkapenean sartzea lortu du. Soriano “oso pozik” dago egindakoarekin.

Maiatzaren 22tik 25era jokatu zen Espainiako Izokinkideen LVII Txapelketa Lance modalitatean, Gaztela Leongo Orbigo errekan. Bi txapelketa izan ziren, selekzioen artekoa eta banakakoa, eta bietan primerako emaitzak lortu zituen Denis Sorianok.

Selekzio autonomikoen artekoan, hirugarren sailkatu zen Euskadiko Federazioarekin, Gaztela Leonen eta Errioxaren atzetik.

Espainiako banakakoan, bosgarren

Espainiako banakako txapelketan bosgarren sailkatu zen. Kasu horretan, puntuka eta mangaka erabakitzen zen sailkapena eta Sorianok, bigarren mangan lortu zuen emaitzarik onena, 17 amuarrain harrapatuta. Azken manga, baina, errekaren zati "eskas" batean tokatu zitzaion eta itxaropen gutxirekin jarraitu zuen Soraluzen bizi den aramaioarrak. Hala ere, azkenean, uste baino emaitza hobea eskuratu, eta horri esker, bosgarren sailkatu zen Espainiako banakako txapelketan.

Ondorioz, konpetizio altuko sailkapenean sartzea lortu du Sorianok eta sailkapen hori da kontuan hartzen dutena mundialen bat jokatzea tokatzen denerako.

Soriano, “oso pozik” dago lortutakoarekin, bai “pertsonalki” eta baita ekipoarekin ere. Hurrengo hitzordua irailean izango du, Bikotekako Espainiako Txapelketan, Biescasen. David Iglesiasekin osatuko du bikotea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.