Joan den zapatuan eta domekan jokatu zuten Euskadiko Izokinkideen Harrapaketa Txapelketa, Leitzaran ibaian, banaka zein bikoteka. 22 arrantzalek parte hartu zuten eta guztien artean, Denis Soriano herritarra gailendu zen.
56 zentimetroko arraina
Ateburuko lau mangetan ateratako arrainak kontatuta, guztira, 27 amuarrain lortu zituen Sorianok. Kontatu duenez, zapatu goizeko manga izan zen onena, 12 amuarrain ateatzea lortu baitzuen. Horri esker, lehen postuan kokatu zen. Arratsaldeko mangan, berriz, bost amuarrain atera zituen eta sailkapeneko bigarren postura pasatu zen.
Domekako mangei dagokienez, goizean, sei amuarrain atera zituen, tartean bat 56 zentimetrokoa, txapelketako handiena; baina domeka arratsaldea pobre samarra izan zen eta lau arrain bakarrik atera zituen.
Emaitza horrekin, Sorianok, podiumera igotzeko aukera akaso bai, baina lehen postua galduta zeukala uste zuen. Edozelan ere, domeka arratsaldea lehiakide guztiendako izan zen pobrea arrainetan eta hartara, Denis Soriano gailendu zen, txapelketa osoan 27 amuarrain aterata.
Banaka ez ezik, bikoteka ere Sorianok berak irabazi zuen txapelketa David Iglesias lasartearrarekin batera.
Bigarrenez txapeldun
Denis Sorianoren kasuan, bigarrenez irabazi du Euskadiko txapelketa. 2018an irabazi zuen lehen aldiz txapelketa hori. Aurten, gainera, martxoaren amaieran Gipuzkoako txapelketa jokatu zuen eta han hirugarren postuan geratu zen.
Bestalde, Euskadiko txapelketako garaipenei esker, Espainiako txapelketa jokatuko du Sorianok. Bai banaka eta baita Euskadiko Selekzioarekin ere. Hori datorren urtean izango da. Baina lehenago, aurtengo maiatzean, aurtengo Espainiako txapelketa jokatuko du, iaz ere sailkatu baitzen txapelketa horretara.