Presen auzia

Oleako eta Zuloagako presekiko erabakia berretsi du Udal Gobernuak

Ubane Madera Zangitu 2025ko eka. 27a, 08:54

Gipuzkoako Diputazioak Oleako eta Zuloagako presak botatzeko proiektua onartu eta EAJ-PNVk gaiari buruz erreferenduma eskatu ondotik, Udal Gobernuak berretsi egin du bi presetan eskuhartzeko erabakia. Horrekin batera, “harridura” erakutsi du EAJren eskaerarekiko, gogoraraziz  jeltzaleak ere izan zirela “erabakiaren parte". Bestalde, jakinarazi dute Malmeroko eta Olabarrenako presen gainean buruz erabakitzeko prozesua uda ostean abiatuko dutela. HEMEN KLIKATUTA ohar osoa irakurgai.

Udal Gobernua osatzen duen EH Bildu koalizioak berretsi egin du 2023ko abenduan publiko egin zuten erabakia, non alkateak jakinarazi zuen udal korporazio osoak ontzat eman zuela Zuloaga osorik bota eta Oleako presa partzialki botatzeko planteamendua eta gainerako bi presen inguruko erabakia hartzeko proiektu integral bat garatzeko konpromisoa.

Parte hartze prozesuan parte hartu zuten herritarren gehiengoak begi onez

Prentsa oharrean gogorarazi duenez, “2023ko udazkenean egindako parte-hartze prozesuaren azken saioan, Soraluzeko Udalak (udal talde guztien oniritziarekin, EHBildu, EAJ eta PSE-EE), bere ondorioak eta erabakiak partekatu zituen herritarrekin, esanaz, erreparorik ez geniola ipiniko Zuloagako eta Olako presetan esku hartzeko zeuden proposamenei". Horrekin batera, gogora ekarri du “bertan zeuden 100dik gora herritarren gehiengoak begi onez” ikusi zuela Udalak egindako planteamendua.

"Publikoki" argitu

EAJ-PNVk egindako eskariari buruz, berriz, diote “harriduraz” irakurri dutela jeltzaleek esatea erabakia ezin dela “inposatu”, argudiatuz proiektua herritarrekin partekatu eta erabakitzeko prozesua egin zela eta jeltzaleak ondorio eta erabakiaren parte izan zirela.

Hori horrela, Udal Gobernuak galdetzen du ea zertara datorren “orain EAJren posizio aldaketa eta eskaera” eta EAJri eskatzen dio argitzeko publikoki zein den arrazoia orain dela urte eta erdi “onetsi zuen erabakiaren kontra" agertzeko. 

Uda ostean Malmero eta Olabarrena

Bestalde, Malmero eta Olabarrena presei dagokienez, Udal Gobernuak iragarri du uda ostean abiatuko duela “Ibai paisaiaren inguruko plan integrala” eta prozesu horretan aztertuko direla bi presa horiek “ze paper jokatzen duten gure ibaian”.

Zehaztu duenez, prozesu horretan udal taldeen ekarpenak jasoko dituzte eta “egoerak eskatuko balu, prozesu parte hartzailearen ostean, “herritar guztiei iritzia emateko konpromisoa“ berretsi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.