Olea eta Zuloagako presekiko erabakian berresten da Udal Gobernu Taldea

Erabiltzailearen aurpegia Soraluzeko Udala

Gipuzkoako Foru Aldundiak Foru Agindua argitaratu berri du Oleako eta Zuloagako presak iragazkortzeko proiektua onartuz.

Behin-behineko proiektua otsailaren 10ean jarri zuen GFAk jendaurrean eta bi presetarako aurkeztutako proiektu horrek azken urteetan erakutsi izan dizkiguten aktuazio berdinak jasotzen zituen. Hori bai, proiektua aztertu ostean, zenbait datu oker eta argitu beharreko baieztapenen bat edo beste hautemanda horiei buruzko hainbat alegazio egin genizkion proiektuari. Alegazio horiei erantzuna eman die GFAk, eta beharrezkoak izan diren zuzenketak egin ditu proiektuan. Ondorioz, Udal Gobernu Taldeak berresten du 2023ko azaroan publikoki hartutako erabakia.

2023ko udazkenean egindako parte-hartze prozesuaren azken saioan, Soraluzeko Udalak (udal talde guztien oniritziarekin: EHBildu, EAJ eta PSE-EE), bere ondorioak eta erabakiak partekatu zituen herritarrekin, esanaz erreparorik ez geniola ipiniko Zuloagako eta Olako presetan esku hartzeko zeuden proposamenei. Bertan zeuden 100dik gora herritarren gehiengoak begi onez ikusi zuen udalak egindako planteamendu hau. HEMEN KLIKATUTAKO notizian irakur daiteke osorik guzti hau.

EAJren eskaeren aurrean ondokoa adierazi nahi dugu:

Harriduraz irakurri dugu EAJk esandako hau: “Gai garrantzitsu honi buruzko erabakia ez da inposatu behar: partekatu egin behar da, eta erabaki komun baten bidez adostu”. 2023ko udazkeneko prozesuan, proiektua herritarrekin partekatu eta erabaki komun bat hartu genuelako. Eta aurretik argitu bezala EAJ prozesuaren ondorio eta erabakiaren parte izan zen. Beraz, zertara dator orain EAJren posizio aldaketa eta eskaera? Orain urte t’erdi onetsi zuen erabakiaren kontra agertzera eraman dituen arrazoiak argitu beharko lituzke. Eskertuko genuke publikoki iritzi aldaketa hau azaltzea.

Aurrera begira datozenak:

Oleako eta Zuloagako presetan GFAk, orain 2 urte aurkeztutako asmoak ejekutatzeko lizitazio prozesuaren ostean, obraren ejekuzioak bideratuko ditu datozen hilabeteetan. Herritarrei agindutakoari eutsiz uda ostean abiatuko dugu Soraluzeko Udaletik “Ibai paisaiaren inguruko plan integrala”. Lan hori bideratuko duen talde profesional multidisziplinarrarekin batera prozesuaren diseinua osatzen dihardugu. Prozesu honen baitan aztertuko dira beste hainbat konturen artean Malmero eta Olabarrena presek ze paper jokatzen duten gure ibaian . Gainontzeko udal taldeen ekarpenak jasoz osatuko dugu parte hartze prozesuaren disenua eta ondoren emango dugu horren berri zabalago (ahaleginak egingo ditugu opor aurretik ematen planteamendu osoaren
berri).

Egoerak eskatuko baluke, “Ibai paisaiaren inguruko plan integrala” osatzeko prozesu parte
hartzailearen ostean, herritar guztiei iritzia emateko aukera emateko konpromisoan ere berresten gara.

Ea herritar eta eragile guztion artean asmatzen dugun prozesu honetan ondorio egokietara iristen, gure herriko altxorra den ibaiarekiko gaur egun dugun harremana hobetuz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.