Noiz hasi zinen ipuinak kontatzen?
Ipuinak publikoaren aurrean kontatzen Euskal Herrian hasi nintzen. Aurretik ere banuen liburuak irakurtzeko ohitura, izan ere, aitona irakaslea nuen, eskolako zuzendaria eta beti animatzen gintuen irakurtzera. Tolosan urtero jardunaldi batzuk egiten dira eta kanpotik etorritako jendea gonbidatzen dute, beste kultura batzuk ezagutzeko. 2011. urtea izango zen publiko aurrean kontatu nuen lehen aldia, ipuina euskarara itzulita eta orduan nekien euskararekin… Han abiatu nintzen eta orain, batean edo bestean, urtero izaten dut ipuin-kontaketaren bat.
Alde batetik, hemen bizi naizenez, ipuinak kontatuta gure ahozko kulturaren eta literaturaren zati bat elkarbanatzen dut, gure pertsonaiak, balioak, historia... Jendeak interes handiz jarraitzen du eta niretzat garrantzitsua da. Gustatzen zait gure ipuinak kontatzea eta besteenak ezagutzea.
Lehengo ipuinak ala gaur egunekoak kontatzen dituzu?
Lehengoak, tradiziozkoak. Pertsonaiak izaten dira errege edo erreginak edo hitz egiten duten landareak, animaliak… Lehengo gizartean ez zekiten irakurtzen eta dena transmititzen zen ahoz aho, aitona-amonengandik txikiengana, historia eta baloreak. Istorio hauek beti transmititzen dute mezuren bat eta hori garrantzitsua da.
Zer iruditzen zaizu ipuinak kalean kontatzea?
Inportantea da, bereziki txikientzako. Liburuek garrantzi handia dute pertsona baten bizitzan eta irakurketa urte osoan bultzatu behar den arren, ondo dago ospatzeko egun bat izatea, kalean, ikusaraztea, interesa piztea kultura ezberdinen artean.
Zuk Azerien kontuak ipuina kontatuko duzu?
Ipuin bat baino gehiago izango dira, astiaren arabera. Ni azeria naiz [Azerbaijango kultura] eta horregatik ipini diot izena Azerien kontuak.
Zer esango zenioke zapatuan entzutera joateko dudatan dagoen pertsona helduari?
Ipuinek beti irakasten dute zerbait, are gehiago kultura ezberdinetakoak badira eta ikasteko ez dago adinik. Eman aukera bat zure buruari edo umeari ikasteko.