Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea: nortzuk gara?

Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartea Soraluzeko euskaltzaleen artepea da. Bertan batzen gara adin askotako herritarrak, eta gure irudimena eta ilusioa baliatuz lantzen ditugu hainbat proiektu, mundu honetan geure kolorez eta euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugulako. Profesionalek eta boluntarioek eskuz esku, euskararen biziberritzea bultzatzen dugu; herriko eta munduko hizkuntza eta kultura aniztasunaren alde ekinean dihardugu.

 

Elkartearen historiako mugarri garrantzitsu batzuk

 

1996

Pil-pilean Aldizkaria

Orduko AEKko irakasle Maite Etxeberria Arizagak eta Oskar Elizburu Egiazuk euskaltegiko ikasleekin batera, Pil-pilean aldizkaria kaleratu zuten. Inguruko herrietan sortuta zegoenez, hemen ere halako bat ateratzea erabaki zuten. Fotokopiak egin eta kalean banatu zuten lehen alea. Harrezkero, aldizkariaren ekoizpenak ez du etenik izan.

Olentzeroren etorrera

Gabon eskean aritzeko ohituraren osagarri, Olentzero plazara ekartzeko ekimena martxan ipini zuten. Trikitilariak eta gazteak mahaiaren bueltan jarri, kantuan egin eta Olentzerori gutunak emateko tartea izaten zen. Ohiturak jarraitu egiten du, eta gaur egun, Mari Domingi eta Galtzagorriak ere protagonista izaten dira, Eguberri bezperako ospakizunean.

 

1997

Gaztañerre

Herrian ohitura izan da Gaztañerre Egunean afari merienda egitea, gaztaina erreak jateko. 1997an, euskara ikasleek eta euskaltzale talde batek afaria egin zuten, kantu eta jolas giroan. Afari horren osagarri, Gaztañerre Azokarekin batera, herri-bazkaria, erromeria, talo postua, talo tailerra eta beste hainbat ekimen antolatu izan ditu elkarteak.

 

1998

Eraketa ofiziala

Estatutuak idatzi eta ofizialki erregistratu egin zen. “Elkarte honen helbururik nagusiena euskal kultura indartzea eta Soraluzen euskara normalizatzea da.” Helburu hori lortzeko, honakoak egingo dituela azaltzen da: “literatura sustatzea, haurrentzako ekintzak antolatzea, jarduera puntualak burutzea (bertso saioak, kantaldiak, dantzaldiak...), ikastaroak antolatzea eta argitalpenak (herri aldizkaria…).”.

Udate gaba

Udako solstizioaren ospakizuna herriaren erdigunera ekarri zuten, Plaza Barrira. Sorgin dantza, edabe majikoa eta sua izan ziren osagai nagusiak. Urteen ondorioz, ospakizunari musika, bertsoak eta bestelako dantzak gehitu zaizkio, baita tarteka antzerki eta bestelako kultur ikuskizunak ere.

Bertso afaria + kantu afaria

Afarien bueltan kultur giro gozagarria sortzeko asmotan antolatu zituzten. Bertsotara profesionalak etorri ohi ziren eta kantuan egitera, berriz, herritarrak taldeka zein banaka animatzen ziren. Bertsozaleen sarea arduratzen da bertso afariak eta antzeko ekimenak antolatzeaz gaur egun. Kantu afariaren ohitura berriz, hainbat urteren ostean, bertan behera geratu zen. Soraluze Kantuan taldeak deitzen ditu orain kalean kantuz aritzeko hitzorduak.

 

2003

Galtzagorri Jai Batzordea

Herriko jaietan gazteek haien gunea izateko sortu zen. Txosnagunea, kontzertuak, bazkariak, ikuskizunak, gazteen arteko lehiaketak, galtzontzilo eta kulero lasterketak, merenge jaurtiketak eta antzekoak antolatu izan dira urtez urte. Jai batzordearekin batera, Galtzagorri Txaranga eratu zen, aurretik zegoen musika eskolako txarangaren jarraipen modura. Herriko jaietan hutsik egin gabe jo izan du, baita urteko beste hainbat ospakizunetan ere (Santa Zezilia eguna, Gaztañerre Azoka, Aratosteak…)

 

2007

Plaentxia.com / Plaentxia.eus

Internet zabaltzen hasi ahala, aldizkariaren osagarri izan zen webgunea martxan ipini zuen elkarteak: plaentxia.com (gerora plaentxia.eus bilakatu dena).  Xume-xume hasitako ibilbidean, herriko erreferentziazko komunikabide bihurtu da.

Bai Euskarari eta Euskara Merkataritzara

Merkataritza establezimenduetan eta elkarteetan euskararen erabilera handitzeko sortu ziren ekimenok. Doako itzulpen zerbitzua, errotulazioa euskaraz jartzeko dirulaguntzak eta doako euskarriak eskaini izan zaizkie. Programak martxan ez dauden arren, Udalak zerbitzuok eskaintzen jarraitzen du.

Berbalaguna

Euskaraz ikasten ari direnei mintzapraktikarako aukera eskaintzeko sortu zen. Euskaraz ondo berba egiten dutenak eta ikasten ari direnak batzen ditu programa honek.

 

2008

Kukumixo aisialdi taldea

Ume eta gaztetxoen aisialdia euskaraz eta balioetan oinarrituta eskaintzeko sortu zen Kukumixo, herriko gazteen eskutik. Udaleku irekiak, udal ludoteka eta gaztelekuaren kudeaketa, irteerak, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, ume eta gaztetxoekin hausnarketa saioak eta beste hainbat egin izan ditu. Kantua ere badu taldeak.

 

2013

365 dinamika – Euskaraldia, Haurren Aurrean Helduok Heldu…

Abenduaren 3ari lotuta, Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, sortu zen “Euskarak 365 Egun” dinamika, euskararen eguna egunero izan behar dela aldarrikatzeko. Ekimen horretatik eratorri ziren Euskaraldia eta Haurren Aurrean Helduok Heldu ekimena, hamasei urtetik gorakoen egunerokoan hizkuntza portaeretan eragiteko eta herritarrak aktibatzeko.

Topa Eguna

Euskal Herriko osoko euskaltzaleentzako festa izan zen, bailarako elkarteekin zein Euskaltzaleen Topagunearekin antolatutakoa. Kanta ere egin zuen Xero Xiete taldeak. Aipagarriena, herriko elkarte askorekin eta herritarrekin izandako auzolana.

 

 2015

Auzoko

Euskara, aniztasuna eta herritarrak barnebiltzen dituen ekimena martxan jarri zen, Soraluzen zegoen hizkuntza eta kultura aniztasuna balorean jarri eta euskara kohesiorako hizkuntza moduan hartuta. Munduko arrozak, munduko postreak eta hizkuntza aniztasuna eta euskara balorean jartzeko hainbat ekimen osagarri ere egin izan dira.

 

2017

Ludoteka eta gaztelekuaren kudeaketa

Udal zerbitzu bien kudeaketa Pil-pileanek 2017a baino askoz lehenagotik egin izan du, baina urte hartatik aurrera lehiaketa publikoak irabazi eta zerbitzuen kudeaketa osoa bideratzen du.

 

2018

Euskaraldia

Hizkuntza-ohituretan eragiteko herritarren aktibaziorako ekimena lehenengoz antolatu genuen 2018an. Harrezkero, edizio guztiak dinamizatu eta bideratu ditugu elkartetik.

 

2021

Debabarreneko Komunikazio Taldea

Debabarreneko tokiko komunikabideak elkarlanean hasi ziren, edukiak partekatuz, gehigarriak batera kaleratuz eta, hainbaten kasuan, eremu digitalean plataforma bera erabiliz.


Euskaltzaletasunaren historioa, bideoz

Elkartearen 20.urteurreneko ospakizunerako, hainbat bideo osatu genituen:

  • Gerra aurretik hasi eta Pil-pilean sortu bitarteko euskaltzaleen mugimenduaren historia laburra: hemen
  • Pil-pilean Euskaltzaleen elkartearen ibilbidea, sorreratik 2016ra bitartean: hemen
  • Herritarrek 2016an elkarteaz zuten iritzia: hemen