Munduko ipuinez beteko dira Soraluzeko kaleak irailaren 28an

"Munduko ipuinen eguna" ospatuko da Soraluzen irailaren 28an, egun osoko egitarau betearekin.

Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Udaleko Kultura Batzordeak eta Udal Liburutegiak elkarlanean antolatu dute Munduko ipuinen eguna, irailaren 28an Soraluzeko bazterrak hainbat txokotako hizkuntzaz eta istorioz beteko dituen ipuinen festa. Hizkuntza aniztasunari aitortza egitea, herritarren zein hizkuntz komunitateen arteko hartu-emanak ahalbidetzea eta ipuinen balioa sustatzea ditu helburu nagusi.

Hainbat hizkuntza eta jatorritako ipuin kontaketak izango dira egunaren oinarria, eta herriko saltokien ipuin-liburu azoka, liburutegi txokoa eta ipuin-bazkaria ere egingo dira. Ipuinek kaleak hartuko dituzte, izan ere, eskaintza guztia Soraluzeko kaleetan burutuko da, herriko hainbat txokotan.

Ipuin kontaketak

Paleocaperucita Ocre en Atapuerca, Alberto San Martín (Burgos)

Umeek eta familiek historiaurrean sua zela egiten zen edo silexa zela lantzen zuten ikusi eta esperimentatzeko aukera izango dute Txanogorritxu berezi baten eskutik; izan ere, Paleocaperucita Ocre neandertalen klanekoa da eta froga batzuk gainditu beharko ditu bere amama txamanaren kobazulora heltzeko.

Adin gomendagarria: 5-12 urte arteko haurrak eta familiak

Manera de parlar, Nerea Mendia Elgeta (Soraluze eta Katalunia)

Hitzen ostean ezkutatzen denaren berri emanez, mundua ulertzeko giltzak erakutsiko dira, perkusioa eta kantua lagun hartuta. Proposamen honetan kondairak eta euskara uztartzen dira kataluniar lurraldearekin. 

Adin gomendagarria: 3 urtetik gorako haurrak eta familiak

Mundu arabiarreko ipuinak, Mostafa Taher Mahmoud (Egipto)

Kirikixo, txakal, asto, txantxangorri eta beste lagun askoren ipuin laburrak kontatuko dira, barregarriak batzuk, bizitzarako ikasgaiak dituztenak beste batzuk, baita basamortuko harea haizetan dakarten kontakizunak ere.

Adin gomendagarria: 6-10 urte arteko haurrak eta familiak

Azeriaren kontuak, Tarana Karim (Azerbaijan)

Azerbaijango ipuin klasikoak izango dira sioaren oinarri; gizarteko kideen artean, familian, harremanetan garrantzitsuak diren eta zaintzekoak diren baloreak landuko dira ipuinen bidez. Pertsonak, animaliak, landareak… izango dira protagonista.

Adin gomendagarria: publiko osoarentzat

Bertoko eta urrutiko ipuinak, Nerea Ariznabarreta eta Mariano Hurtado (Eibar)

Emanaldi musikatua izango da, kantuz eta kontrabaxuz lagunduriko kontaketa, hainbat kulturaren usainak eta zaporeak ekarriko dituena. Maitasunaz, konfidantzaz eta biziraupenaz arituko dira, besteak beste, eta Sioux indiarrak, tuneztarrak eta euskal herritarrak gehiago ezagutzeko aukera izango da.

Adin gomendagarria: 5-10 urte arteko haurrak eta familiak

Liburutegi txokoa eta ipuin azoka

Goizean zehar haur zein helduentzako munduko ipuinak ikusi, irakurri, maileguan hartu edo erosteko aukera izango da Plaza Barrixan, 11:00etatik 14:00etara, liburutegi txokoan eta Iratxo eta Estankoa saltokien ipuin azokan.

Ipuin-bazkaria

Goizeko egitarauaren ostean ipuin-bazkaria egingo da Arriogain elkartean ipuin-kontaketen jatorrizko herrialdeetako jakiz osatuta. Bazkarian zehar, ipuinak irakurri eta entzuteko aukera izango da, mahaikideen parte-hartzearekin.

Txartelak Iratxon daude salgai helduentzako 15 eta umeentzako 10 euroren truke. Menua: sarrerakoak (humus eta escalivada), askotariko entsalada, arroza barazkiekin, postrea (gazta, sagar geza eta intxaurrak). Kontaktua: 601602347 (Arianne). 

Jarraipena ikasturtean zehar

Hilaren 28ko Munduko ipuinen egunak jarraipena izango du ikasturtean zehar Munduko ipuinen ziklo herritarrarekin. Hori horrela, antolatzaileek soraluzetarrak animatu nahi dituzte haien herrialde eta kulturetako kontuak, ipuinak eta istorioak kontatzera, jatorrizko hizkuntzan zein euskaraz.