2017an hasi zen Ander Murua Soraluze Pilota Elkartearekin entrenatzen, Arrasateko Ibai Bolinagarekin batera, kadeteetatik Jubenil mailara pasatu zenean, nahiz eta fitxa 2019an egin.
Zazpi urtez haren entrenatzaile izan den Aitor Atxotegik gogora ekarri duenez, Soraluzen egindako denboraldietan oso ibilbide ona egin du aurrelari arrasatearrak, “irabazi ahal den dena irabazita, eta pilotari onenetarikoa izaten”.
Garaipenetako batzuk aipatzearren, honakoak ekarri ditu gogora Atxotegik: “Aurten, Euskal Herriko Ohorezko Mailako txapelketa irabazi du Manex Balerdi antzuolarrarekin batera, Gipuzkoako Ohorezko Mailan azpitxapeldun izan da, Diario Vasco moduko txapelketa irabazi du, Zaldibarko Olazar txapelketa, Espainiako Errege Kopa eta txapelketa pribatu piloa: Bergara Hiria, Zumarragako Goñi Memoriala, Lezoko Etxandi memoriala… irabazi ahal den dena irabazi du, pilotari onenetarikoa izaten”.
Horregatik guztiagatik, Atxotegik uste du “merezitako aukera” emango diotela aurrelari arrasatearrari eta adin aproposean: “Azken urteetan 18-19 urterekin debutatzeko joera dago, nire ustez, goizegi”. Atxotegiren ustez, adin horretan, pilotariak oraindik “egiteke” egoten dira, aldaketa askori aurre egin behar izaten diete… “Nire ustez, pilotari askok ez dute ondo pasatzen tramite hori, 23 urte, 24 egiteko, adin aproposa da, pilotari moduan eginda dago, fisikoki ere ondo, burua asentatuta… adin aproposean eman diote aukera eta ea disfrutatzen duen”.
"Txikitako ametsa"
Muruak Debagoieneko Goiena Komunikazio Taldeari adierazi dio "sorpresaz" hartu zuela debutatzeko berria. Azaldu du astelehenean esan ziotela debutatzeko aukera egon zitekeela eta ea gustatuko litzaiokeen. "Nik nola ez, baiezkoa eman nuen", esan zuen.
Ander Muruak irailaren 8an jokatuko du aurrenekoz profesional mailan, Xabi Tolosarekin osatuko du bikotea eta Julen Egiguren eta Bikuña izango dituzte aurkari. Profesional mailan debuta egitea "txikitako amets bat" dela azaldu du: "Azkenean, pilotan gauden kirolari guztiok nahi dugu noizbait debutatzea, eta niri aukera iritsi zait eta oso-oso pozik nago".
Gainera, "oso gustura" agertu da profesionaletako bere lehen partida Uarkapen izatearekin eta inoiz ahaztuko ez duen unea izango dela aurreratu dio Goienari: "Debuta Arrasaten izango da irailaren 8an nire herrian eta nire lagunak nahiz familia harmailetan dagoela debutatzea izango da gauza bat ez dudana bizitzan inoiz ahaztuko". Era berean, Arrasateko Udalari eskerrak eman nahi izan dizkio azken urteetan Arrasateko pilotari emandako laguntzagatik.
Hala, uztailean jokatu zuen azkenengoz Uarkapen ia bederatzi urteren ostean. "Pentsa, Arrasaten jokatu nuen azken partidua duela bederatzi urte izan zen, 15 urte nituela. Gero, zoritxarrez, ez nuen taldekiderik eta irten egin behar izan nuen. Beraz, itzulera gozoa izan da. Aitortzak ere ilusio handia egin dit", zihoen uztaileko partidaren ostean.