Zapatuan, 11:30ean jokatuko dute Ohorezko Euskal Ligako finala, Mungian, frontoi neutroan. Aurkari izango dira Soraluzeko Ander Murua eta Manex Balerdi eta Lazkaoko Beñat Zubizarreta eta Ander Garmendia.
Aitor Atxotegi etxeko pilotarien entrenatzaileak “final gogorra” izango dela aurreikusten du. Soraluzen, Zubizarretaren eta beste atzelari baten kontra irabazi egin zieten Soraluzeko elkartekoek; baina era berean, finalerdia irabazi zietenen kontra, lehenago, galdu egin zuten Soraluzeko ordezkariek. Beraz, ikusteko dago zapatuan zer gertatuko.
Hori bai, finala irabazten duenak, txapeldun izendapenaz eta txapelaz aparte, datorren urtean San Frantziskoko Euskal Etxera astebeterako joateko txartela ere irabaziko du, Euskal Federazioaren eskutik. Txapeldunekin batera joan ohi fira rankingeko aurrelari eta atzelari onenak. Hain justu, handik etorri berri da Ander Murua, iazko rankingeko aurrelaririk onena.
Finalerdi intentsua
Bestalde, zapatuan Muruak eta Balerdik jokatu zuten finalerdiari dagokionez, gogotsu jokatu zuten Soraluzeko ordezkariek Iruñeko bikotearen kontra. Partida intentsua izan zen, bizia, aurrean asko jokatuz. Etxekoak jarri ziren aurretik, 6-1 egiteraino, baina sakea galdu ondotik, nafarrek hainbat tanto egin zuten segidan eta zortzina jarri ziren bi bikoteak.
Hortik aurrerako minutuetan, pareko ibili ziren, batean kale bestean bale, baina Soraluzeko ordezkariak atzera ere hasi ziren aurrea hartzen eta 12 tantotan laga zituzten nafarrak.