Alberto Ramirez eta Rafael Peñalver artistek joan den barikuan eman zizkioten Udalari eurek margotutako bi koadroak.
Biak ala biak birziklatutako materialaren gainean egindakoak dira. Ramirezena hozkailu baten kartoian margotutako simetria bat da eta Peñalverrena, berriz, Udalak emandako loneta baten gainean margotutako marrazkia. “Margotu dudanen artean aukeratu dut bat indar eta alaitasun handia duena, kolore horia du, bizipoza transmititzen duena, esperantza”, esplikatu du.
Cuencan erakusketa
Udalak emandako lonetei dagokienez, berriz, bi artistak oso gustura daude emaitzarekin. “Oso-oso tela ona da, gorputz eta iraupen handikoa, eta, tinta oso ondo hartzen du”, esan zuten. Peñalverrek kontatu zuenez, dagoeneko eman dizkioten loneten ia erdiak erabilita ditu.
Are gehiago, loneten gainean egindako koadroetako hainbat laster ikusgai izango dira, Peñalverrek Cuencako Arte Abstraktuaren museoan egin behar duen erakusketan.
Artea krisian
Bestalde, koadroak emateko Udalean egin zuten ekitaldian, bestelakoen artean, bi artistek Administrazioak artearekin jokatu beharreko papera ere izan zuten hizpide. Arteak bizi duen krisiaren testuinguruan, Administrazioak obra originala eskuratu beharko lukeela partekatu zuten, 1929-30eko krisian AEBtako gobernuak egin zuen moduan edo 1972an Iruñeko Topaketetan egin zen moduan.
Esplikatu zutenez, gaur egun, artistak krisi betean daude; badaude artista asko gehiago ari direla kobratzen lehenagoko artelanen eskubideengatik oraingoengatik, baino. “Espainiako arte komertzioak bizi duen krisia oso gogorra da bizirik dauden artistendako, egunerokoa izugarria da. Administrazioak obra originala izan beharko luke, jendea ohitu dadin Administrazioan obra originala ikusten. Batzuetan Administrazioak berak eskuratu ahal izango du, bestetan ez, baina izan dezala obra originala”, esan zuen Peñalverrek.
Ondarea zaindu eta gorde
Horrekin batera, bestea beste, aldarrikatu zuten antzinako ondarea, bota eta hondatu beharrean, zaindu eta gorde egin beharko litzatekeela, aurrera egiteko, atzera begiratzea komeni izaten baita. Eta aldarrikatu zuten, baita ere, gaur egun, Elizak bere baitan gordetzen duen ondarea guztiona izan beharko litzatekeela, pagatu beharrik gabe ikustekoa eta gozatzekoa.
Behin koadroak emanda, orain, bi margolanak non ipini aztertuko du Udalak.