Oreka Art Gallery

Rafael Peñalver: “Nik beti bilatu dut pintzelkada librea"

Egoitz Unamuno 2022ko eka. 8a, 11:49

Barixakutik ikusgai daude Rafael Peñalver margolari madrildarraren lanak Elogio del discurso (Diskurtsoari gorazarre) izeneko erakusketa bikoitzean. Margolan batzuk (handienak) kiroldegiko erakusketa gelan ikus daitezke eta beste batzuk Oreka Art galerian. Pinturak ekainaren 29ra arte izango dira ikusgai.

Peñalver ibilbide luzeko artista da. Madrilen jaio zen baina Cuencan abiatu zuen bere ibilbide artistikoa 1965ean. Izan ere, hiri horretan, Espainiako Arte Abstraktuaren Museoaren bueltan, ezagutu zituen El paso talde artistiko ezaguneko hainbat kide, tartean: Fernando Zobell, Rafael Canogar, Monpo, Gerardo Rueda, Antonio Saura eta Paz Muro.  

Kiroldegiko erakusketaren inaugurazioan kontatu zuenez, “mutikotxoa” zela Madrilgo Lavapies auzoan bizi zen amonarenera joaten zen asteburuetan eta harek ondoan zuten El Pradoko museora eroaten zuen. Bertan zaletu zen pinturara, “batez ere El greco-ren lanekin. Harrezkero erabaki nuen pintore izango nintzela eta nik grekoak bezala pintatuko nuela. Poliki-poliki konturatu nintzen grekoak marrazten zituen irudiak ez zirela figuratiboak, pintzelkadaka egindakoak zirela. Inpresionismoa gainditu eta espresionismoa landu zuen lehen margolarietakoa izan zen”.

Garai hartan, Peñalver Cuenca ondoko herritxo batean bizi zen eta azaldu zuenez, hamasei bat urte zituela, gariak ebaten jardun ostean, bizikleta hartu eta zabaldu berria zen Arte Abstraktu Espainiarraren Museora joaten zen bertan zeuden margolanak ikustera. Bertan ezagutu zuen Fernando Zobel eta harek bere estudiora eroan zuen eta bertan utzi zion pintatzen. “Horrek aukera eman zidan espainiako eta nazioarteko banguardia guztia ezagutzeko eta lagun izateko El Paso talde artistikoko kide izan zirenekin, Saurarekin eta abar”. 

Estilo abstraktuaren aldekoa da, “pinturak misterio puntu bat” behar duela uste duelako. “Nik beti bilatu dut pintzelkada librea, ezer narratiborik edo figuratiborik esan beharrik gabe, horretarako existitzen da fotografia. Nik paisaien bidea hartu nuen, beti ere, oso modu abstraktuan errepresentatuta. Horretarako, hartzen dut pintatzeko ohiala eta pintura eta mendira joaten naiz. Ikusten dut paisaia bat, gelditzen naiz, pintatzen dut eta etxera eroaten dut. Zerk bereizten du nire lana? Ba, gehienek ez bezala, nik ez dut margo industrialik erabiltzen eta neronek prestatzen ditut pigmentuak eta kolak nahasita. Modu horretan lortzen ditut trasparentzia berezi horiek. Nire pintura konposizio eta trasparentziak dira eta helburua da egitea margolan bat begiratu batean ikusiko ez duzuna eta behin eta berriro begiratu arren, nekatuko ez zaituena. Pasio horri jarraitu diot nire ibilbide artistiko guztian zehar eta gaur egun, mota horretako 1.000 margolan inguru ditut biltegian”.  

Pinturaz gain, bestelako espresio bideak ere lantzen ditu: bideo-instalazioak, fotomuntaketak, collageak, arte kontzeptuala... Ikasketaz, fisikaria eta telekomunikazioetako ingeniaria da eta profesionalki, ogasuneko inspektore moduan lan egin du hogeita hamabost urtez, “margolanak saltzetik ezin izan dudalako bizi ahal izan”.

Peñalverren margolanak ekainaren 29ra arte izango dira ikusgai kiroldegiko erakusketa gelan eta Gabolatseko Oreka Art galerian (635706690).